Politika
EPAIKETA, APIRILAREN 16AN
Agentziak | Erredakzioa
Altsasuko kasuan auzipetutako gazteen egoera salatzeko Nafarroan barrena egiten ari diren martxa Iruñera iritsi da. Gazteen gurasoek 'justizia' aldarrikatu dute.
Altsasuko gazteen aldeko martxa Iruñera iritsi da. EFE
Altsasuko zortzi gazte bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik jasaten ari diren "injustizia" salatzeko "Altsasuko Herriaren Nafarroako Itzulia" Iruñera iritsi da gaur eguerdian. Gazte horien gurasoek "justizia" eskatu dute.
Berriozar, Barañain, Atarrabia eta Burlata herrietatik eta Iruñeko hainbat auzoetatik zetozen taldeek Nafarroako hiriburuko Gaztelu plazan egin dute bat 13:30 aldera. Handik minutu gutxira, auzipetutako gazteen gurasoak iritsi dira, jendearen txalo artean. Joseba Asiron alkatea ere han izan da.
Jai eta aldarrikapen giroan hartu dituzte senitartekoak, eta aurreskua dantzatu diete harrera egiteko. Apirilean Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten gazteen askatasunaren aldeko aldarriak oihukatu ditu jendeak. Fiskalak 375 urteko kartzela zigorra eskatu du auzipetuentzat, terrorismo delitua leporatuta. Familiek eskaera hori baztertu dute.
Guraso guztien izenean, "orotariko jendeak" emandako babesa eskertu du ametako batek. Hala, ideologia eta jatorri desberdina izan arren, elkartasuna eta "nahikoa dela" adierazteko batu izana baloratu du. Azpimarratu duenez, seme-alabak justizia nagusi den gizarte batean bizitzeko duten nahiak batu ditu pertsona horiek guztiak. Horrez gain, "taberna batean izandako borroka batengatik 375 urteko eskari zentzugaberik" ez dagoen gizartea izan dadila nahi dutela berretsi du. Ondoren, Nafarroan gertatutakoa Nafarroan epaitu dadila eskatu du, eta ez "Madrilekoa bezalako salbuespenezko agertoki" batean.
Otsailaren 24an hasita, Nafarroan barrena egindako ibilbidean jasotzen ari diren babesa ere eskertu dute (#altsasumartxan). Ekimena martxoaren 24ean amaituko da. Nafarroako Pirinioetatik, Tafallatik, Lizarratik eta Baztandik ibili da orain arte.
Azkenik, datorren apirilaren 14ean Iruñean deitutako manifestazioan parte hartzera deitu dituzte Nafarroako herritarrak, Iruñea "Justiziaren hiria" bihurtzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa