Politika
PRESOAK
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehendakariak Andoaingo ongietorri ekitaldia baztertu du eta PPk elkarbizitzarako oztopo dela adierazi du. Sortuk, ostera, 'gatazka armatuaren txiklea luzatu' nahi izatea egotzi dio PPri.
Otaño eta Igerategiri ongietorria. Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño presoei atzo Andoainen egindako harrera ikertzen ari da, terrorismoa goratu ote zen ala ez argitzeko.
Epaitegietako iturriek jakinarazi dutenez, Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du terrorismoa goratu ote zen jakiteko eta datozen orduetan horri buruzko txostena eskatuko dio Poliziari. Delitu zantzurik topatuz gero, Auzitegi Nazionalaren esku utziko du informazioa.
Halaber, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkaritzak iragarri duenez, ongietorri ekitaldiari buruzko txostena bidaliko dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, ekitaldi horretan biktimak eta herritarrak, oro har, umiliatu zituztelakoan.
Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gaur kazetarien aurrean azaldu duenez, litekeena da terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu izana, eta, hori dela eta, bere iritzia eman behar du Fiskaltzak.
Igande honetan aske utzi dituzte Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño preso andoaindarrak. Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri zien ZIP taldeko kide izateagatik eta ETAri informazioa emateagatik. Andoainera iritsitakoan, senide eta lagunak zain zituzten. Metro gutxi batzuetara, berriz, PPko hainbat ordezkarik protesta ekitaldia egin zuten.
PPko hainbat ordezkarik protesta egin zuten. Argazkia: EFE
Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño preso andoaindarrei atzo Andoainen egindako harrerak erreakzio soka luzea eragin du.
Iñigo Urkullu lehendakariak errotik baztertu ditu horrelako harrera ekitaldiak, biktimak bi aldiz biktima bihurtzen dituztela iritzita. Gainera, Eusko Legebiltzarrak horren inguruan argi eta garbi hitz egin beharko lukeela gaineratu du.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren iritziz, PPk atzo Andoainen egindako protesta ekitaldia alderdi horrek "gatazka armatuaren txiklea luzatzeko" duen interesaren baitan kokatu behar da.
Amaya Fernandez Euskadiko PPko idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, ETAko presoei egindako ongietorriek ez diote mesederik egiten elkarbizitzari. Hori dela eta, ekitaldi horiek ez errepikatzeko beharrezkoa den guztia egingo dutela azpimarratu du.
Bestalde, Andoaingo Alderdi Sozialistak harrera ekitaldia gaitzesteko mozioa aurkeztuko du Udalean, eta Ana Karrere Andoaingo alkatearen isiltasuna ere salatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa