19:28

Politika

Katalunia

Masek, Gabrielek, Rovirak eta Pascalek Gorenean deklaratuko dute aste honetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia Suitzan dago, defentsa prestatzen, eta ez dago argi epailearen deialdira joango den ala ez.

  • Artur Mas, Generalitateko presidente ohia. Argazkia: EFE

    Artur Mas, Generalitateko presidente ohia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Marta Rovira ERCko buruzagia eta Marta Pascal PDeCATeko burua Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurrean izango dira astelehen honetan. Gainera, datozen egunetan ere Gorenean deklaratuko dute Artur Masek, Neus Lloverasek eta Anna Gabrielek. Azken horri dagokionez, bere agerraldia zalantzan dago. Izan ere, CUPeko diputatu ohia Suitzan dago, defentsa prestatzen, eta ez dago argi epailearen deialdira joango den ala ez.

Kataluniako independentzia prozesuari lotutako ikerketa zabaltzea erabaki zuen joan den hilaren 14ean Llarena epaileak, prozesu hori koordinatu behar zuen batzorde estrategikoko ustezko kideak ikertuta.

Deklarazio-sorta berriari hasiera eman zion Mireia Boya CUPeko diputatu ohiak. Kautelazko neurririk gabe atera zen auzitegitik, epailearen aurrean aitortu baitzuen Kataluniako independentzia-aitorpenaren alde bozkatu zuela CUPeko alderdikideek erabakitakoari erreparatuta.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia Guardia Zibileko txostenetan agertzen da, izan ere, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko eta independentzia-aitorpenean Roviraren parte-hartzea funtsezkotzat jo dute.

Epaileari helarazitako azken txostenean, Guardia Zibilak dio Rovirak eta Oriol Junquerasek aginduak ematen zituztela, eta Josep Maria Joverekin, Carles Puigdemonteko konfiantzazko gizonarekin, lanean aritzen zirela. Jove, gainera, erreferendumaren logistikaren "burua" da, Guardia Zibilaren aburuz.

Asteartean, berriz, Artur Mas izango da epailearen aurrean, Neus Lloverasekin (Independentziarako Udalerrien Elkarteko presidente ohia).

Bestalde, Anna Gabriel Kataluniako Parlamentuko CUPeko diputatu ohia Genevan (Suitza) dago. "Defentsarako estrategia" gisa antolatutako bidaia dela azaldu dute antikapitalistek. Dena dela, CUPek ez du argitu Gabrielek asteazkenean deklaratzera joateko asmoa duen ala ez. "Datorren asteartean, otsailaren 20an, emango dugu otsailaren 21ean Auzitegi Nazionalean aurreikusitako deklarazioaren inguruko informazio oro", iragarri du CUPek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena