Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ERCko diputatu hautatuaren abokatuek idatzi bat bidali dute Auzitegi Gorenera, preso egonik ere horren eskubide politikoek bere horretan jarraitzen dutela argudiatuz.
Oriol Junqueras. Artxiboko argazkia. EFE
Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuko diputatu hautatu eta ERCko buruzagiak Estremerako kartzelatik Kataluniako espetxe batera lekualdatzea eskatu du Parlamentura joan ahal izateko. Horren abokatuek idatzi bat bidali dute Auzitegi Gorenera berehalako lekualdaketa egiteko baimena eskatuz.
Defentsak aurkeztutako dokumentuaren arabera, Junquerasek kartzelatik irteteko baimenak eskatuko ditu, Parlamentua osatzeko saiora edota inbestidura saiora joan ahal izateko.
Horren abokatuek argudiatu dutenez, preso egonik ere Oriol Junquerasek bere eskubide politikoei eusten die, botoa emateko edo hautatua izateko eskubideak kasu: "Diputatu hautatu batek bere oinarrizko funtzio politikoak gauzatzeko aukera izan behar du".
Idazkiak gehitzen duenez, Junqueras ERCren hautagai izan zen abenduaren 21eko hauteskundeetan, eta herritarrek, gainera, hautatu zuten (diputatuaren egiaztagiria du atxikita): "Behin-behineko kartzela-zigorra egonda, hortaz, hautatua izan den diputatu batek aukera izan beharko luke haren oinarrizko politika-funtzioak gauzatzeko, eta, kartzelan egoteak Ganberara egunero joatea eragozten badu ere, ez luke zertan oztoporik izan saioetara joateko", dio agiriak.
Saioetan egoteko eskubide hori, halaber, beste puntu batean oinarrituko litzateke, alegia, "beharrezkoa dela errugabetasun-presuntzioa errespetatzea, bai eta presoak jasan litzakeen ondorioak arintzea ere".
Abokatuek, horrez gain, "Nelson Mandela Arauak" izenekoak aipatu dituzte, alegia, Presoen Trataerarako Estatu Batuen Gutxieneko Arauak; horien arabera, "epaiketaren zain dauden presoek errugabetasun-presuntzioa izan beharko dute, eta hori kontuan izanik tratatuko dituzte".
Defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia ere hartzen du oinarri; presoek "eskubide guztiez gozatzeko eskubidea dute, askatasun-eskubidea izan ezik", dio idazkiak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa