09:05

Politika

'De Miguel' auziaren epaiketa

Fiskalak froga gehiago eskatu ditu; defentsak, berriz, epaiketa bertan behera uztea

Agentziak | erredakzioa

26 auzipetu jesarri dira akusatuen aulkian, besteak beste, Alfredo de Miguel Arabako EAJren 'bigarrena' izandakoa eta Juan Jose Ibarretxeren gobernuko beste kide ohi batzuk.

1:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'De Miguel auzia'ren makroepaiketa hasi da gaur Gasteizen, Arabako Lurralde Auzitegian. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ustezko ustelkeriagatik inoiz ikertutako sumario handiena da honakoa, eta Arabako EAJren hainbat goi-kargudun daude auzipetuta. Aurretiazko eginbideekin abiatu da epaiketa, 26 auzipetuak akusatuen aulkian zirela.

Lehen saio horretan Fiskaltzak froga eta lekuko gehiago eskatu ditu, bere akusazioei eusteko. De Miguelen defentsak, berriz, epaiketa bertan behera uztea galdegin du.

Alfredo de Miguel, Arabako EAJren 'bigarrena' izandakoa da auzipetu nagusia. Horrekin batera, honako hauek daude auzipetuta, besteak beste: Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJren kide ohiak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Julian Sanchez Alegria EAEko Parke Teknologikoen Sareko presidente ohia, eta Maria Justina Angulo Zambranako alkate jeltzale izandakoa.

demiguel_

Epaitutako 26 pertsonak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE

Froga berriak

Fiskaltzak Ainhoa Alberdi abokatuari emandako grabagailuaren zaintza katean lan egin zuen ertzainaren lekukotasuna eskatu du Josu Izagirre Arabako Fiskal Nagusiak. Hark azaleratu zuen kasua orain dela zortzi urte. Izan ere, De Miguelek 100.000 komisioa ordaintzea eskatu zion, Arabako Miñano Teknologia Parkearen handitzeko lanak Alberdik gidatzen zuen enpresari ematearen truke.

Horrez gain, orain ikertzen ari diren sozietate askoren sorkuntzan parte hartu zuen notarioaren testigantza ere eskatu du fiskalak. Hainbat akusaturi leporatutako legez kanpo elkartzea delitua argitzeko informazio esanguratsua eman dezakeela uste du.

Halaber, Arabako Foru Aldundiko teknikari bat ere zitatu nahi du, Zanbranan berriz kalifikatutako lur-eremu batzuen inguruan hitz egin dezan.

Fiskaltzaren arabera, 2005a baino lehen sortutako sozietate sarea zuzendu zuen De Miguelek, "norbera eta hirugarren pertsonak aberasteko irabazi ekonomikoak lortzeko". Horretarako, EAJko kide izateak ematen zizkion ardura politikoak baliatu zituela uste du.

Defentsak baliorik gabe uztea eskatu du

Alfredo de Miguelen defentsak, bere aldetik, prozedura bertan behera uztea eskatu du, De Miguelen eskubideak urratu direla arguadiatuta (intimitatea, etxebizitza ez bortxatzea eta komunikazioak sekretupean izatea, hain zuzen). Ikerketa abiatu zuen grabaketa "manipulatu" egin zutela ere defendatu du.

Defentsaren aburuz, salaketa eragin zuen audio grabazioa "manipulatu" egin zutela froga daiteke, zaintza katea "bortxatu" egin zutelako prozeduran. Beraz, froga "kutsatuta" egoteaz gain, ez duela "sinesgarritasunik" esan du.

DE MIGUEL TELLERIA AUZIA AUZITEGIAN EITB

De Miguel eta Telleria. Argazkia: EiTB

Urri amaierara arte

Aurretiazko eginbideen ostetik hasiko dira deklarazioak, baina ikusteke dago zein ordenetan egingo dituzten. Izan ere, defentsako abokatuetako batzuek euren bezeroek azkenak galdekatzea eskatuko dute.

Jaime Tapia buru dutela, Elena Caberok eta Raul Aztiriak osatuko dute epaimahaia.

12 atal edo zati

Sumario mardula denez, epaiketa 12 zatitan banatu dute. Besteak beste, 2006-2008 urteen artean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean, Arabako Parke Teknologikoan eta Arabako Foru Aldundian egindako kontratazioak ikertu dituzte.

Eusko Jaurlaritza ere auzian pertsonatu da. Ez du akusatuentzat kartzela eskaerarik egin, eta kalte-ordain bateratua galdegin du.

Bestalde, De Miguelen defentsak aske uzteko eskatu du, eta "fantasiazko kontaketa sinestezina" egitea leporatu dio Fiskaltzari.

 

 

>

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena