Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Gobernua osatzeko garaian alderdi independentisten arteko balizko desadostasun batengatik hauteskundeak berriro egin behar izatea baztertu du Sergi Sabria ERCko bozeramaileak.
Sergi Sabria ERCko bozeramailea Rac1 irratian. Irudia: EiTB
Albisteak (7)
Carles Puigdemont Generalitateko presidente izendatzeko “proposamena nola gauzatu” nahi duen argitzeko eskatu dio gaur Sergi Sabria ERCko bozeramaileak JuntsxCati; izan ere, “ez da batere erraza”.
JuntsxCat hauteskundeetan babesik handiena jaso zuen alderdi independentista izan zela gogorarazi du Sabriak Rac1 irratian. ERCko ordezkariaren hitzetan, Puigdemont berriro presidente izendatu nahi dutela esan dute, baina “irabazi dutenek aukera hori errealitate nola bihurtu azaldu beharko lukete”.
“Puigdemonten aukerarekin bakarrik ari gara lanean, JuntsxCatek hori proposatu digulako, eta ez du zentzurik beste aukera batzuetaz hitz egitea”, azpimarratu du Sabriak. Hala ere, ERC erantzukizunak hartzeko prest dagoela erantsi du.
Gobernua osatzeko negoziazioak diskrezioz egiten ari direla adierazi du ERCko bozeramaileak. Zentzu horretan, 2015eko hauteskundeen ondoren izandako elkarrizketetatik bereizi ditu, orduan “telebistaz eta irratiz eman zituztelako”.
Bestalde, Gobernua osatzeko garaian alderdi independentisten arteko balizko desadostasun batengatik hauteskundeak berriro egin behar izatea baztertu du Sabriak. “Epe egonkorrago bat eta hiru urteko linboa atzean uztea”, eskatu du; izan ere, aurreko bi legealdiek ez dituzte lau urteak bete.
Junqueras eta Forcadell
Auzitegi Gorenak ostegun honetan duen hitzorduan, Oriol Junqueras ERCko buruzagia espetxetik ateratzea zalantzan jarri du Sabriak, “erabaki horiek ez direlako justiziaren arabera hartzen ari, politikaren arabera baizik”.
Carme Forcadell Parlamenteko presidentea berriro izango ote den galdetu diote Sabriari. “Aukera bat da, baina ez ziurtasun bat”, erantzun du ERCko ordezkariak. Sabriaren ahotan, Forcadellek berak hartu behar du erabakia, bere egoera pertsonala kontuan hartuta.
Azkenik, Estatuarekin negoziazio mahai bat osatzea aldarrikatu du ERCko bozeramaileak, azken bi urteetan soberanistek eskatu bezala. Nahiz eta elkarrizketa eskatu, “bestaldean ez dago inor, eta egoera hori bukatu behar da”, aurpegiratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa