Politika
Urtarrilaren 18an, Bilbon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legea "arma politiko" gisa eta "mehatxu egiteko" ez erabiltzea eskatu dute 30 bat profesionalek.
Osasuneko eta Abokatutzako profesionalen agerraldia. Argazkia: EiTB
Abokatutzako eta Osasuneko hogeita hamar profesional inguruk bat egin dute Sarek deituta urtarrilaren 13an Bilbon egitekoa den manifestazioarekin, “arrazoi humanitarioak direla eta, eta zuzenbide justua ezartzea eskatzeko”. Horren ildotik, legea "arma politiko" gisa eta "mehatxu egiteko" ez erabiltzea eskatu dute.
Bi kolektiboetako hainbat ordezkarik prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon, Sareko bozeramaileekin batera, atxikimenduaren berri emateko. Agerraldi horretan, “bakearen eta bizikidetzaren bidean beste pauso bat” emateko garaia dela aldarrikatu dute.
Zaida Casales erizainak eta Felix Cañada abokatuak irakurritako adierazpenaren arabera, egungo legediak “dagoeneko beteta dauden zigorrak luzatzea eta graduak lortzea galaraztea” du helburu. Gainera, espetxe politika “krudela” dela salatu dute.
Horren harira, larri dauden edo adinekoak diren hainbat presok espetxean jarraitzen dutela ohartarazi dute, eta presoak senideengandik urruntzeak etorkizunean berriz gizarteratzea zaildu egiten duela gaineratu dute. Hori horrela, senideak “ehunka kilometro” egitera “zigortu” dituztela nabarmendu dute.
Martxarekin bat egin duten profesionalek adierazi dutenez, sei urte joan dira ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik, eta “hilabeteak” armagabetzea gauzatu zenetik, eta, horregatik, “ezin da onartu” Espainiako eta Frantziako agintariek “euskal presoen eskubideak urratzea, blokeo jarrera bat hartuta”.
Hori horrela, “garai berri” honetan “etorkizunera begiratzeko beste modu bat” behar dela berretsi dute, eta “zuzentasunak eta justiziak gorrota menperatzea” exijitu dute.
Profesionalek dei egin dute urtarrileko martxan parte hartzeko: “giza eskubideen defentsak batzen gaitu, eta horietako lehena bizitzarako eskubidea da, baina baita osasunerakoa eta bizi kalitaterakoa ere”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa