Itxi

Politika

Katalunia

Puigdemont eta bere kontseilarien kontrako euroagindua bertan behera utzi du Gorenak

Agentziak | Erredakzioa

Belgikako justiziak bost politikariei egotzitako delituak murriztu edo mugatzea saihestu nahi du Llarena epaileak.

1:02

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak bertan behera utzi du Carles Puigdemont eta harekin batera Bruselan dauden lau kontseilarien (Antonio Comin, Lluis Puig, Meritxell Serret eta Clara Ponsati) kontrako euroagindua, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.

Erabakia lehenbailehen jakinaraziko diete Belgikako agintariei. Hain justu, Bruselako instrukzio epaileak atzo entzun zituen Kataluniako buruzagien argudioak, eta erabakia abenduaren 14an iragarriko zuela jakinarazi zuen. Bostak Espainiaratzea agin lezake Belgikako justiziak, baina zein delitu leporatuta zehaztu beharko luke. Hala, gerta liteke diru publikoa bidegabe erabiltzea bakarrik egoztea, sedizio eta matxinada delitua bazter utzita. Horixe saihestu nahi du Llarenak, Belgikak bostei egotzitako delituak murriztu edo mugatzea.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen presidentea eta kontseilari kargugabetuak bilatzea eta atxilotzea. Auzitegi Gorenak azaro amaieran hartu zuen bere gain auzia, eta orain etorri da euroaginduen inguruko erabakia. Llarenaren ustez, euroaginduak bertan behera geratu behar dira ikertzen ari dena "batasun juridiko banaezina duen delitu plurisubjektiboa" delako, hau da, erantzun bakarra eman behar zaio kontraesanak saihesteko.

Epaileak ohar batean gogorarazi duenez, aginduok azaroaren 3an eman zituen Lamelak. Gerora "ikertu guztiek bat eginda gauzatu ahal izan dituzten ekintzak jazo dira, denak ere batasun juridiko banaezina dutenak".

Hori horrela, betiere Llarenaren aburuz, "zigor erantzukizunak modu bateratuan zehaztu behar dira, hori egin ezean auziaren sendotasuna hauts daitekeelako eta erantzun kontraesankorrak eman".

'Puigdemontek ez du Belgika utziko'

Euroagindua bertan behera utzi duen arren, Espainiako Estatuan indarrean dago Puigdemont eta lau kontseilari kargugabetuak bilatzeko eta atxilotzeko agindua. Hala, bostak Estatura itzultzen badira, atxilotu egingo dituzte.

Paul Bekaer Puigdemonten eta kontseilarien abokatuak L'Echo Belgikako egunkariari adierazi dionez, presidenteak ez du Belgika utziko, euroagindua bertan behera geratu bada ere.

Bestalde, Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemontek Katalunian duen abokatuak uste du beldurrez hartu duela erabakia Llarenak, "Belgikako justiziaren zaplaztekoa jasoko zuelakoan". "Masaileko itzela izango litzateke Europako beste herrialde bateko justiziak Espainian epaiketa justu bat bermatuta ez dagoela esatea", adierazi du.

Alonso-Cuevillasen hitzetan, "epaileak dio delitu jakin batzuengatik Espainiaratuko luketela, eta Katalunian geratu direnak baino egoera hobean geratuko litzatekeela, baina uste dut estradizioa ukatzearen beldur duela Llarenak".

Abokatuak azaldu du Puigdemontek pozez hartu duela erabakia, baina ezin duela Belgikatik atera: "Espainian hanka bat jartzen duenean, atxilotu egingo dute. Hori argi dago".

Carles Campuzano PDeCAT alderdiak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ziurtatu duenez, Carles Puigdemont presidentea nahi duenean itzul daiteke Kataluniara eta bere itzulera "erronka demokratikoa" litzateke Estatu espainiarrarentzat.

Belgikako Fiskaltzak bertan behera utzi ditu Puigdemonten eta bere kontseilarien aurkako kautelazko neurriak

Bruselako Fiskaltzak jakinarazi duenez, bertan behera utzi ditu Carles Puigdemont presidenteari eta berarekin batera dauden lau kontseilari kargugabetuei ezarritako kautelazko neurriak, hain justu, Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan ostean.

"Formalki (lehen instantziako) epailearen erabakia falta da kasua itxitzat emateko, baina kautelazko neurriak bertan behera gelditu dira jada", azaldu dute Bruselako Fiskaltzaren iturriek.

Hauek ziren epaileak ezarri zizkien kautelazko neurriak: instrukzio epailearen baimenik gabe Belgikatik ateratzeko debekua, non bizi ziren esatea edota deitzen zieten audientzia guztietara agertzea.

Orain Belgikan irekitako auzia etetea eskatuko dio Fiskaltzak epaileari, Ministerio Publikoak ohar bidez jakinarazi duenez. Beraz, Bruselako auzitegiak auzi-saio bat deitu beharko du, etete hori ofizialki gauzatu dadin. Oraingoz datarik zehaztu ez badu ere, Ministerio Publikoko iturrien arabera, litekeena da abenduaren 14an, 09:00etatik aurrera, egitea.