Politika
A21
Kataluniako hauteskunde kanpaina asteartean hasiko da
Agentziak | Erredakzioa
Aldebakarreko independentzia aldarrikapenak eta Espainiako Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioak markatuko dute prozesua.
-
Parlamenteko artxiboko argazkia
Kataluniako abenduaren 21eko hauteskunde kanpaina datorren asteartean, abenduaren 5ean, abiatuko da. Carles Puigdemonten Gobernuak bultzatutako aldebakarreko independentzia adierazpenak eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak markatuko dute prozesua.
Alderdi guztiek ezohizkotzat jo dituzte hauteskundeak. Izan ere, ez ditu Generalitateko presidenteak deitu, ohikoa den moduan, Espainiako Gobernuko presidenteak baizik. Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren baitan egin zuen deialdia.
Rajoyk urriaren 28an honako neurri hauek iragarri zituen: Kataluniako Parlamentuaren desegitea, hauteskundeen deialdia, Generalitatearen esku hartzea, Kataluniako ordezkaritzen itxiera, eta Kataluniako Gobernuaren eta Puigdemont presidentearen kargugabetzea. Handik bi egunetara, Bruselara joan zen Puigdemont, gatazka "nazioartean" ezagutarazteko.
Bestalde, zortzi kontseilari ohi eta Oriol Junqueras presidenteordea espetxeratu zituzten, "matxinada" delitua egotzita.
Bolada tirabiratsua
Abenduaren 21eko hauteskundeek bolada tirabiratsua izan dute aurretik, uda baino lehen Carles Puigdemontek urriaren 1eko independentziari buruzko erreferenduma deitu zuenez gero.
Irailaren 6an eta 7an, JxSík eta CUPen erreferendumerako legeak onartu zituzten, nahiz eta oposizioko alderdiek eskubideen urraketa salatu zuten. Auzitegi Konstituzionalak, bere aldetik, legez kanpokotzat jo zuen ekimena. Horrenbestez, Guardia Zibilak hainbat miaketa egiten hasi zen.
Irailaren 20an, Guardia Zibilak zenbait kontseilaritza ikuskatu eta Kataluniako Gobernuko 14 goi-agintari atxilotu zituen. Horren ondorioz, milaka pertsona bildu ziren Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean protesta egiteko. Auzitegi Nazionalak protesta horiek ikertu zituen, "sedizio" delitu gisa. Ondoren, Carmen Lamela epaileak ANC eta Omniùm Cultural erakundeetako presidenteak, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart, espetxeratzea erabaki zuen.
Azkenik, urriaren 1eko erreferenduma egin zuten. Liskarrak izan ziren poliziaren eta bozkatzera joan zen jendearen artean. Kataluniako Gobernuaren arabera, ehunka pertsona zauritu ziren.
2,2 milioi boto zenbatuta (% 90 baiezkoak), Puigdemontek ontzat eman zuen emaitza. Hala, Katalunia estatu independiente bilakatzeko "herriaren nahia" bere gain hartu zuen. Parlamentuan independentzia onartu zuen arren, berehala "bertan behera utzi" zuen, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa abiatzea proposatzeko.
Azken orduan enpresari kataluniarrak eta Iñigo Urkullu lehendakaria bi gobernuen arteko bitartekotza egiten saiatu ziren Puigdemontek berak hauteskundeak dei zitzan. Urriaren 26an ia urratsa eman zuen arren, Generalitateko presidente ohiak atzera egin zuen.
Biharamunean, urriaren 27an, aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuten Kataluniako Parlamentuan, JxSí eta CUPen babesarekin. Aldi berean, Espainiako Senatuak 155. artikuluaren aplikazioa onartu zuen, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien baiezko botoei esker.