17:01

Politika

Katalunia

Puigdemont: 'Orain Kataluniako militanteak izan behar dugu'

Agentziak | Erredakzioa

JuntsxCaten abenduaren 21eko hauteskundeetarako hautagaitzaren aurkezpenean, presidenteak galdegin dio Espainiako Gobernuari "atzapar autoritarioak ateratzeko Kataluniatik".

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont JuntsxCaten Generalitaterako zerrendaburuak berak egin du prestatutako zerrendaren zeharkakotasun alde: "Orain, alderdiez haratago, Kataluniako militanteak izan behar dugu", esan du Bruggen (Belgikan), bertan aurkeztu baitute abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetarako JuntsxCaten hautagaitza.

Puigdemontek dei egin die hautesle independentistei, mobilizatzeko; bestela, litekeena da, esan duenez, "historia beste alderdi batzuek idaztea, alegia, zilegitasunik ez duten hainbat alderdik".

"Atzapar autoritarioak Kataluniatik ateratzeko" galdegin dio Espainiako Gobernuari. Hautesleei, berriz, beraren alde egin dezatela eskatu die, "itxaropenaren aldeko apustua" egin dezatela; hala, aurre egin liezaiekete "155.aren alde dauden hiru alderdien beldur-ingeniaritzari" (PP, PSOE eta Ciudadanosi egin die aipamena, mezu horretan).

Hautagaiak nabarmendu du bere proposamena dela "boterea jendeari berriro ematea"; oso bestelakoa da, haren hitzetan, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak edo Auzitegi Konstituzionalak diotena: Puigdemonten iritziz, "ni neu naiz Estatua" diote horiek.

90 bat hautagai, aurkezpenean

Bertan izan diren hautagai gehienak larunbat goizean bertan iritsi dira Belgikara, Bartzelonatik, charter hegaldi batean, eta jarraian joan dira ekitaldia egin duten hotelera; Bruselatik 85 bat kilometrora dago, ipar-mendebaldera joaten.

Zerrenda aurkezteko erabili duten gelan 90 bat hautagai izan dira, bai eta 30 bat komunikabide, gehienak Estatukoak; Europar Batasuneko bandera bat kokatu dute, eta, halaber, 'senyera' bat.

Puigdemont 12:00ak aldera sartu da kanpaina-ekitaldian, eta txaloka egin diote harrera; 'president' oihuak ere entzun ahal izan dira gelan.

Besteak beste, hauek izan dira bertan: Elsa Artadi kanpainako zuzendari eta hautagaia, Eduard Pujol kanpainako bozeramaile eta hautagaia eta Clara Ponsati eta Lluis Puig kargugabetutako kontseilariak.

Elsa Artadik eman dio hasiera ekitaldiari, eta nabarmendu du hainbat hautagaik ez dutela bertaratzeko aukerarik izan: besteak beste, Lluis Guinok, kartzelan dagoen Jordi Sanchezek eta espetxean dauden kontseilari kargugabetu batzuek. Horien guztien izenak txalotu dituzte hotelean zeudenek.

Puigdemontek guztiak ekarri ditu gogora, mintzatzen hasi denean, eta eskatu die herritarrei ez hartzeko normaltasunez egungo egoera; izan ere, eta hasteko, "hautagaitza erbestean aurkeztu behar dugu", esan du.

Puigdemontek bultzatutako hautagaitza

JuntsxCat hautagaitza Puigdemontek berak bultzatu du; Kataluniako presidenteak onartu zuen hauteskundeetara aurkeztea, hasiera batean asmo hori ez bazuen ere, baina baldintza bat jarri zuen: zerrendak alderdi-siglarik ez izatea, eta hainbat independente izatea. Hala izan da.

Lleidako liderra Josep Maria Forne izango da (2015ean ere zerrendaburua izan zen bertan JxSirekin); Gironan, Gemma Geis Gironako Unibertsitateko errektoreordea izango da zerrendan aurrena; Tarragonan, aldiz, Eusebi Campdepadros egongo da lehendabiziko postuan.

Independenteen artean, hauek daude: Eduard Pujol Rac1eko zuzendari ohia; Anna Tarres Espainiako igeriketa sinkronizatuko hautatzaile ohia; Ferren Requejo politologoa; Marina Geli kontseilari sozialista ohia; Salvador Cardus soziologoa; Jaume Cabre idazlea; eta Pilarin Bayes ilustratzailea.

'Edozertarako prest'

Bestalde, 'Preguntes Freqüents' TV3ko saioan eskainitako elkarrizketan Puigdemontek esan duenez, Espainiako Gobernua "edozertarako prest zegoen" Kataluniako independentzia saihesteko asmoz. "Espainiako Gobernuak 'dena' esaten duenean, 'dena' esan nahi du", gaineratu du. "Nik sarritan esan dut ez dudala indarkeriarik nahi, baina PPkoei, PSOEkoei, Gobernukoei eta Estatu-buruari ez diet entzun indarkeria erabiltzeari uko egiten diotenik", azpimarratu du.

Urriaren amaieratik, Belgikan

Carles Puigdemont urriaren amaieratik dago Belgikan; Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu eta Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri ondoren joan zen bertara.

Bi aldiz azaldu da Belgikako Justiziaren aurrean, eta abenduaren 4an berriro agertu beharko du; aurreikusita dago egun horretan epaileak ebaztea Carmen Lamela espainiar epaileak emandako atxiloketa-aginduaren gainean.

Hain zuzen ere, abenduaren 4tik 5era hasiko da Kataluniako Hauteskundeetako kanpaina;  ez dago argi JuntsxCaten gidaritza nork eramango duen kanpainan zehar, hainbat zerrendaburu kartzelan edo Bruselan baitaude (Jordi Turull, Josep Rull eta Joaquim Forn, espetxean; eta Puigdemont eta Ponsati, Belgikan).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena