Politika
Hauteskunde programa
Agentziak | Erredakzioa
Dokumentuak bederatzi puntu ditu, besteak beste, independentzia “posible egiteko Estatuarekin eta EBrekin aldebiko negoziazio bat lortzea” eskatzen duena.
Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont. Artxiboko irudia: EFE
Alderdi independentistek hauteskunde programetan barneratu behar dituzten puntu komunekin lehen zirriborro bat bidali zioten iragan astean ERCk eta JuntsxCatek CUPi. Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka konpontzeko aldebiko bidearen aldeko apustua egiten dute bi alderdiek agirian, eta ez dute aldebakarreko independentzia aipatzen, alderdietako iturriek azaldu dutenez.
Dokumentua Nacio Digital-ek argitaratu du. Agiriak bederatzi puntu ditu, besteak beste, “erabateko independentzia eta Kataluniako Errepublikaren artikulazio demokratiko baketsu eta eraginkorra posible egiteko, Estatuarekin eta EBrekin aldebiko negoziazio bat lortzea” eskatzen duena.
Beste puntu batean, “herri akordio zabal bat” proposatzen dute, “borondate demokratiko eta bokazio konstituziogilearekin, Kataluniaren autodeterminazio askearen aldeko gehiengo zabala handitzea, erabakitzeko tresnen eta eztabaida partizipatiboen bidez.
Bestalde, Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioaren aurkako jarrera, “preso politikoen” askatasuna, Espainiako poliziek alde egitea eta bide-orri independentistaren ondorio judizialak bertan behera gelditzea, baita 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren arduradunen kontrakoak ere, puntuen artean daude.
“Autogobernuaren etenak suposatzen duen erasoaren aurrean” Kataluniako erakundeak defendatzea eskatu dute ERCk eta JuntsxCatek. Gainera, abenduaren 21eko hauteskundeetan ematen diren emaitzak errespetatzeko konpromisoa nazioartearen aurrean hartzea eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Hauteskundeetan gehiengo independentista berriro baieztatzen baldin bada, “emaitzak demokratikoki onartu eta Generalitatearen erabakien aurka legez kontra eta indarkeriaz ez ekiteko” eskatu diote Exekutibo zentralari. Horrela, Parlamenteko eta Generalitateko araudien aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak atzera botatzeko eskatu dute.
Azkenik, Kataluniarren eskubideak bermatzeko eskatu diote EBri. Zentzu horretan, “Espainiako Gobernuak Kataluniako ekonomiaren aurka abian jarritako kanpainari” aurre egitea proposatu diote. Exekutibo zentralak “kaos, indarkeria eta ezegonkortasun atmosfera artifizial bat eraiki du langileei eta enpresen lehiakortasunari kalte egiteko”, salatu dutenez.
"Aldebakarreko bideari" uko egingo ez diola ohartarazi du CUPek
Bestalde, “aldebakarreko bideari” uko egiteko asmorik ez dutela ohartarazi die Nuria Gibert CUPeko bozeramaileak ERCri eta JuntsxCati.
“CUPek ez dio aldebakarreko bideari uko egingo, gure ideologiari uko egitea izango litzatekeelako. Mehatxu egiten dizutenean ez baduzu ezer egiten, mehatxu egiten dizutelako mugitzeari eta existitzeari utziko diozula aditzera ematen ari zara. Ez diogu uko egingo, ez garenari, ezta pentsatzen dugunari ere”, azaldu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa