Itxi

Politika

KATALUNIA

U-1eko karga polizialetan parte hartu zutenak identifikatzea eskatu du epaile batek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Generalitateak emandako datuen arabera, Kataluniako erreferendumaren egunean 893 pertsona zauritu ziren Poliziaren bortizkeriaren ondorioz.

  • Urriaren 1ean Poliziaren karga ugari izan ziren Katalunia osoan,

    Urriaren 1ean Poliziaren karga ugari izan ziren Katalunia osoan. Artxiboko argazkia: EFE

Urriaren 1ean Katalunian izandako karga polizialetan parte hartu zuten agenteak identifikatzeko eskatu dio Bartzelonako epailek batek Espainiako Poliziari, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Generalitateak emandako datuen arabera, egun hartan 893 pertsona zauritu ziren Poliziak erabilitako bortizkeriaren ondorioz.

Bartzelonako 7. Instrukzio Epaitegiak urriaren 1eko polizia-kargen inguruko ikerketa abiatu zuen, Generalitateak Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren operazioaren kontra jarritako salaketa onartu ostean. Orain, polizia-operazio horietan parte hartu zuten agenteak identifikatzeko eskatu du.

Epaileak aurreko auto batean jasotakoaren arabera, urriaren 1eko polizia-operazioak, manifestarien jarrerak edota biek Kataluniako elkarbizitza aztoratu ote zuten ala ez argitu beharko du ikerketak.

Bestalde, epaileak atzera bota zuen fiskalak ikerketa hautesleku batera mugatzeko egindako eskaria. Epailearen hitzetan, istiluak eta zaurituak izan ziren Bartzelonako 17 hauteskunde-zentrotan, gutxienez, eta ehun lesio parte baino gehiago aurkeztu ziren.

Ikerketaren ardura bere gain duen epailearen iritziz, ahal den neurrian zer gertatu zen eta agenteek zein bertan zeuden herritarrek zer-nolako jarrera izan zuten argitu behar da.