17:47

Politika

Katalunia

Junquerasek kartzelatik ateratzea eskatu du, 155. artikulua onartu duela argudiatuta

Agentziak | Erredakzioa

ANn aurkeztutako apelazio errekurtsoan, Junquerasek dio Kataluniako Gobernuak ez zuela ezer egin 155. artikuluaren aplikazioaren ostean. Romevak, Fornek, Bassak eta Mundok gauza bera egin dute.

  • Oriol Junqueras. EFE.

    Oriol Junqueras. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Oriol Junqueras kargugabetutako Generalitateko presidenteordeak bere espetxeratzearen aurkako helegitea aurkeztu du eta aske gelditzea eskatu du, Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu ondoren Kataluniako Gobernuak ez duela ezer egin argudiatuta.

Junquerasek Auzitegi Nazionalean aurkeztutako apelazioko helegitearen arabera, ez dago berriro ere delitu hori egiteko arriskurik; izan ere, "Kataluniako Gobernua kargugabetua izan zenetik, ez da bilerarik egin, ez dira Gobernu akordioak hartu eta urriaren 27ko Parlamentuko bilkuraren ostean Kataluniako Aldizkari Ofizialean ez da ezertxo ere argitaratu".

Aurkeztutako helegitean argudiatuta duenez, "begi bistakoa da auzipetuak kontseilari ohi gisa joan zirela Auzitegi Nazionalera, nahiz eta legitimoki eta demokratikoki Kataluniako Gobernuko kideak izan".

"155. artikuluaren aplikazioaren ondotik Kataluniako Parlamentua desegin da, Espainiako Gobernuak deitutako hauteskundeetan parte hartzeko helburuz", helegitean Junquerasek dioenez. Halaber, abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetan parte hartuko duela-eta, bere interesak defendatu behar dituela nabarmendu du.

Bestalde, urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak egindako independentzia deklarazioak balio "erabat politikoa" duela ziurtatu du.

Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkeztutako idatzian, aske uztea edota bestelako kautelazko neurriak ezartzea eskatu du: pasaportea kentzea, Espainiatik ateratzeko debekua, aldian-aldian sinatzera agertzea edo bermea.

Romeva, Mundo, Bassa eta Forn

Raul Romeva, Carles Mundo eta Dolors Bassa Atzerri, Justizia eta Lan kontseilari kargugabetuek ere eskatu diote Auzitegi Nazionalari espetxetik ateratzea, 155. artikulua eta kargugabetzea onartzen dutelako eta independentzia aldarrikapena "politikoa" izan zelako.

Efe albiste-agentziak iturri juridikoak jakinarazi duenez, hiru kontseilari kargugabetuek Junquerasen argudio berak erabili dituzte Carmen Lamela epaileak agindutako behin behineko espetxeratzea atzera botatzen saiatzeko.

Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetuak, berriz, Konstituzioaren 155. artikulua "desobedientziarako deirik eta txintik esan gabe" onartu duelako eskatu du libre geratzea.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena