Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSCk 155. artikulua babestu ondoren, Barcelona en Comu alderdiko militanteek galdeketa bidez erabaki dute sozialistekin duten akordioa bertan behera uztea.
Albisteak (3)
Barcelona en Comu alderdiko militanteek erabaki dute bertan behera uztea Bartzelonako Udalean PSCrekin orain arte izan duten akordioa. Egindako bozketan, % 54,18k eman dute ituna hausteko aldeko botoa, 2.059 boto guztira; hala eman du jakitera igande honetan, prentsaurrekoan, Ada Colau alkatea buru duen alderdiaren bozeramaileak.
Kontsultan 3.800 lagunek hartu dute parte; ostegunean abiatu zuten, eta larunbat gauean amaitu da. Honako hau zen galdera: "PSC/PSOEk 155. artikulua aplikatzea babestu duela kontuan izanik, Barcelona en Comuk PSCrekin hirian duen gobernu-ituna hautsi beharko luke, bakarrean agintzeko?".
"Ni la direcció del PSOE ni del PSC han donat la resposta a l’aplicació del 155 que nosaltres esperàvem. Malauradament van decidir allunyar-se de l’espai de diàleg i acostar-se al PP i Cs. Hem intentat fer el possible pq canviessin de posició" @G_Pisarello pic.twitter.com/orr26K1cz8
— Barcelona en Comú (@bcnencomu) 12 de noviembre de 2017
Guztira, 1.736 lagunek eman dute kontrako botoa; horrek esan nahi du % 45,68k nahiago zutela akordioarekin aurrera jarraitzea.
Ada Colau alkatea oso kritiko azaldu da 155. artikulua aplikatu izatearekin; izan ere, haren iritziz, ez da legitimoa.
Gerardo Pisarello lehen alkateordeak dio "deitoratzen dutela" egoera
Gerardo Pisarello lehen alkateordeak, prentsaurrekoan, hemendik aurrera planteatuko den egoera deitoratu du; hori bai, adierazi du euren esku zegoen dena egin dutela gerta ez zedin: "Uste dugu ez dela Bartzelonak eta Kataluniak behar dutena; hain zuzen, bloke- eta fronte-politika horien aurkakoak garelako".
"Hasiera batean, Miquel Iceta PSCko liderrak esan zuen bere iritzia hau zela: ez aldebakarreko independentzia-adierazpenari, eta ez, halaber, 155.ari; tamalez, elkarrizketa-gune horretatik alde egitea erabaki zuen, zubiak eraikitzeko aukera haustu zuen, eta PPren eta Ciudadanosen ondoan kokatu zen", azaldu du.
Pisarelloren esanetan, 155.a aplikatzea da "era autoritario batean dena berriro zentralizatzeko prozesuaren beste pauso bat"; nabarmendu duenez, "PSCk kontsulta egin izan balu, bere kodeen artean, 155.ari buruz, guk orain egin dugun kontsulta ez genukeen zertan egin", eta ez lirateke mahai gainean egongo oraingo emaitza hauek.
"Harro", kontsulta prestatu egin izateagatik
Lehen alkateordeak (haren alderdiaren zuzendaritza aldamenean zuen) esan du oso harro daudela kontsulta prestatu izateagatik; garai zailak dira, adierazi duenez, baina nabarmendu du hauxe zela egitekoa, “herritarrek hauxe eskatzen zuten”.
"Gure iritziz, prozesu hau ona izango da hirirako; izan ere, aukera emango digu adosteko Bartzelonak behar dituen akordioak, kokatzeko Bartzelona erdigune politikoan (bloke- eta fronte-politiketatik alde eginez), eta emateko beti lehentasuna helburu zehatzak abiapuntu dituzten akordio zehatzei; hori da Bartzelonak une hauetan behar duena".
Pisarellok, baina, gogorarazi du PSCk ekarpen ona egin diola Bartzelonari; hala ere, Katalunian dagoen "ezohiko" egoerak eragin du haustura hori. Ez zuten nahi gertatzea, adierazi duenez.
Esan du ez zutela espero Icetak hartutako erabakia, eta egin zutela euren esku zegoena saihesteko, baina prest daudela PSCrekin lan egiteko; izan ere, hiri-helburu asko partekatzen dituzte, eta hori ez da desagertu.
Halaber, Pisarellok azpimarratu du indar politiko guztiek izan beharko luketela euren hauteskunde-programetan oinarrizko hiru puntu, gutxienez: 155. artikulua bertan behera uztea, arrazoi politikoengatik kartzelan dauden lagunak aske geratzea, eta arrazoi horregatik espetxeratuentzako amnistia.
Adierazi ere adierazi du BComuk indar politiko guztiekin bilatuko dituela beharrezkoak diren akordioak, xede izanik azken bi urteotan hirian sendotu diren gobernu-lerroak sendotzea: "Horixe da gure konpromisoa, eta inoizko beharrezkoena da".
Iceta: "Ezin izango diegu begiratu 'comuns'ei orain arte bezala"
PSCko lehen idazkari eta Generalitaterako hautagai Miquel icetak deitoratu du igande honetan Bartzelonako ituna bertan behera geratu izatea, eta ohartarazi du: "Hemendik aurrera, ezin izango diegu begiratu ‘comuns’ei orain arte bezala".
Icetak nabarmendu du Colauk ez diela militanteei adierazi, kontsultan, itunaren etorkizunaren gaineko haren iritzia: "Ezkutuan egon nahi izan du, eta bere iritzia ezkutuan utzi; esango du, agian, erabakia beste batzuen hartu dutela. Honek frogatzen du ez dela Bartzelonak behar duen liderra, alkatea bada ere".
"Bartzelona ala independentzia aukeratu behar izan duenean, Colauk independentziaren alde egin du. Ezegonkortasuna ala egonkortasuna aukeratu behar izan duenean, ezegonkortasuna hartu du. Ezkerreko Gobernu bat ala Trias eta Boschen eskaerak hautatu behar izan duenean, bigarrenaren alde egin du"; hala esan du Icetak, Democrata eta ERC taldeetako udal-lider Xavier Triasi eta Alfred Boschi aipamena eginez.
Agintari sozialistak triste hartu du albistea, eta eskerrak eman dizkie itunaren alde bozkatu duten BComuko kideei; izan ere, "Katalunian eta Espainian geratzen diren ezkerreko Gobernuetako bat zen, gutxi daude".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa