10:58

Politika

KATALUNIA

Puigdemont: 'Hau nazioarteko auzitegietan amaituko da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Presidentearen esanetan, berak eta bere lau kontseilariek ez dute erantzukizunik saihestu; are gehiago, beren borondatez aurkeztu ziren Belgikako justiziaren aurrean.

1:12
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puidemont presidenteak gaur ziurtatu duenez, Kataluniako Gobernuaren aurka irekitako auzia nazioarteko epaitegietan amaituko da: "Inork ez dezala dudarik izan: honek guztiak nazioarteko epaitegietan amaituko du, guztiok dugu horietara jotzeko aukera eta joan egingo gara".

"Ez da Espainiak nazioarteko epaitegietan lotsa pasatuko duen lehen aldia, 92 tortura kasurengatik zigortu baitzuten", azaldu du Carles Puigdemontek Catalunya Radio irrati kateari Belgikan eskainitako elkarrizketan.

Puigdemontek azaldu duenez, Katalunian gertatzen ari dena "nazioarteratzeko estrategia" baten baitan ulertu behar da bera eta lau kontseilari kargugabetu Bruselan egotea.

"Ulertezina litzateke desagertu eta leku ezezagun batean egongo bagina", adierazi du. Hori dela eta, Kataluniako Gobernu kargugabetuak Europako hiriburutik lan egitea babestu du.

"Gure eskubideak, ez indibidualak, Kataluniako Gobernuarenak baizik, defendatzeko modurik onena da", esan du Puigdemontek. "Egiten ari garena egiteko egun edota aste batzuk baditugu, aprobetxatu egin behar dugu", gaineratu du.

Bestalde, Carles Puigdemont presidenteak ziurtatu du Espainiara estraditatua izateko prest dagoela. Horren hitzetan, jakin badaki bera eta berarekin batera Bruselan dauden lau kontseilari kargugabetuak Espainiako espetxeetan sar ditzaketela.

Presidenteak azpimarratu duenez, ez berak ez berarekin batera Bruselan dauden lau kontseilariek "ez dugu inoiz ere erantzukizunik saihestu"; are gehiago, beren borondatez aurkeztu ziren Belgikako justiziaren aurrean Auzitegi Nazionalak guztiak atxilotzeko euroagindua eman ostean.

Abenduaren 21erako Katalunian deitu dituzten hauteskundeetara, indar soberanisten zerrenda bateratua aurkeztearen alde egin du Puigdemontek. Horren esanetan, Kataluniako herria Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzearen kontra dagoela irudikatzeko modurik onena "herri zerrenda zabal bat" eratzea da. Balizko zerrenda horretan, PDeCAT, ERC, CUP eta ezkerreko beste indar batzuk gehitu ditu, horren ustez, Espainiako Estatuaren erasoaren aurrean "bat eginda" egon behar dutelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena