Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epailearen kartzela zigorraren aurkako helegitea aurkeztu dute.
Estremerako kartzela. EFE.
Oriol Junqueras eta kargugabetutako beste hiru kontseilarik Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean helegitea aurkeztu dute espetxeratze aginduaren aurka. Lamelak joan den ostegunean agindu zuen Kataluniako presidenteorde kargugabetua eta beste zazpi kontseilari kargugabetu fidantzarik gabe espetxera bidaltzea, sedizio, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea delituak leporatuta.
Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Raul Romevaren abokatuek Instrukzioko 3 zenbakiko epaitegi zentralean idazkiak aurkeztu dituzte politikari katalanen askatasuna eskatzeko. Mundo eta Romeva Estremerako kartzelan daude; Bassa, berriz, Alcal Mecon.
Lamelak Fiskaltzak eskatutakoa onartu eta Junqueras eta magistratuaren aurrean azaldutako zortzi kontseilari kargugabetuak kartzelara bidali zituen, ihes egiteko arrisku handia argudiatuta. Santi Vila kontseilari kargugabetuari, ostera, 50.000 euroko bermea ezarri zion, kartzela saihesteko.
Ihes egiteko arriskua
Ihes egiteko arrisku handia dagoela uste du epaileak. Lamelaren ahotan, "ikertuen erosteko ahalmena ezin da ahaztu, Espainiatik alde egiteko eta atzerrian bizitzeko erraztasuna dute".
Zentzu horretan, Carles Puigdemont presidenteak eta beste lau kontseilari kargugabetuk Belgikara ihes egin dutela gogorarazi du Lamelak: "Ikertuetako batzuk beste herrialde batzuetara joan dira erantzukizun penalak saihesteko".
25 urtera arteko kartzela-zigorrari aurre egin beharko diote Junquerasek eta gainerako kontseilari kargugabetuek sedizio delituagatik; 15 urte matxinada delituagatik eta zortzi urte diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa