08:00

Politika

GURE ESKU DAGO

Erabakitzeko eskubideaz galdeketak egingo dira gaur 13 udalerritan

EITB.EUS

Hautetsontziak jarriko dituzte Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa, Otxandio eta Getxon.

  • Gure Esku Dagok galdeketak egingo ditu datorren igandean 13 udalerritan. Argazkia: Gure Esku Dago

    Gure Esku Dagok galdeketak egingo ditu datorren igandean 13 udalerritan. Argazkia: Gure Esku Dago

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak galdeketak egingo ditu gaur Euskal Herriko 13 udalerritan, tartean, Getxon. Bizkaiko udalerri hori da gaur arte herri galdeketa antolatu dutenetatik handiena, ia 80.000 biztanlerekin, plataformak jakinarazi duenez.

Getxoz gain, beste hamabi herritan ere egingo dituzte galdeketak: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandio.

Guztira, aipaturiko udalerri horietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako 160.853 biztanlek eman ahal izango dute botoa. Hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara bitartean zabalik egongo dira.

Joan den asteazkenean Galdakaon egin duten agerraldi bateratuan, deklarazio bat irakurri dute Izaro Ziluagak eta Jon Gomezek, hurrenez hurren, Ibarrangeluko eta Galdakaoko bozeramaileak direnak. Besteak beste, herritarrek euren etorkizunaren jabe direla aldarrikatu dute: "Herritarren nahia eta borondatea azaleratzea, prozesu parte hartzaileen bidez, herritarrak protagonista sentitzea, etorkizuna gure esku dagoela irudikatzea".

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, helburu batek elkartu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako hamahiru herritako kideak: "hautetsontziak kalera atera eta herritarren esku jartzea. Azaroaren 5ean gure herrikideei hitza ematera goaz: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion".

Gainera, "boto papera eskuan eta irribarrea ahoan" botoa ematera joateko deia egin diete herritarrei: "Parte hartzeak egiten gaitu herri, boto eskubideak herritarrak maila berean kokatzen gaitu eta, gure botoarekin, edozein dela ere, herritarron, herritar denon aldeko urrats handi bat egiteko aukera izango dugu igandean. Herri bezala, kolektibo gisa, aurrerapauso bat ematera goaz".

Aurreko urteko ekainaren 5ean galdeketen tsunami bat iragarri zuen Gure Esku Dagok eta ekimenak emandako datuen arabera, dagoenek 167 herri busti ditu olatuak. Guztira, 154.500 herritarrek hartu dute parte azken urteotan Euskal Herrian egin diren herri galdeketetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena