Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
PDeCATek esan dio Rajoyri "hautestontzietan" ikusiko dutela elkar, ez baitira boto-kutxen beldur; ERCk dio hauteskundeak "ez-legitimoak" direla.
Albisteak (3)
PDeCATek eta ERCk astelehen honetan iragarri dutenez, aurkeztu egingo dira Katalunian abenduaren 21ean egingo dituzten hauteskundeetara; hala esan dute PDeCATeko koordinatzaile nagusi Marta Pascalek eta ERCko bozeramaile Sergi Sabriak. PDeCATek esan dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren bozeramaileari "hautestontzietan" ikusiko dutela elkar; izan ere, alderdia ez da boto-kutxen beldur. ERCk, bitartean, adierazi du hauteskunde horiek "ez-legitimoak" direla.
Horrela, PDeCATeko koordinatzaile nagusi Marta Pascalek iragarri du bere alderdiaren zuzendaritza-batzordea Espainiako Gobernuak abenduaren 21erako deitu dituen hauteskundeetan parte hartuko duela: "Rajoy jauna, hautestontzietan ikusiko dugu elkar", esan du.
"Ez gara boto-kutxen beldur. Boto-kutxak aukera bat dira, gure herrialde-proiektuaren alde egiteko abagunea, alegia", esan die komunikabideei, alderdiaren egoitzan egindako Zuzendaritza Batzordea amaituta.
Pascalek ez du zehaztu nola aurkeztuko diren hauteskundeetara, edo zein hautagai egongo diren balizko hauteskunde-zerrendetan; hala ere, esan du adostu behar dutela "aukerarik onena", xede izanik "alderdi subiranistek beste gehiengo bat osatzea, esateko ez dugula onartuko 155.aren plebiszitua".
ERC ere aurkeztuko da
Halaber, Sergi Sabria ERC alderdiko bozeramaileak jakinarazi duenez, bere alderdiak abenduaren 21eko hauteskundeetan parte hartzeko asmoa dauka, legez kontrako hauteskundeak direla uste arren, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak deitu dituelako eta ez Generalitateko presidenteak.
"Kataluniarrei urnak ez gaituzte beldurtzen. Boto-kutxei ez diegu inoiz, beraiek egin zuten bezala, eraso egin, defendatzen baititugu. Parte hartzen saiatuko gara, hautagaitza aurkeztuta edo beste modu batean", azaldu du alderdiaren Batzorde Iraunkorraren bileraren ostean.
Hori horrela, ez dute zehaztu hautagaitza aurkeztuko duten ala ez, baina errepublikanoak hauteskundeetan eragitea bilatuko dutela argi dute. Hori dela eta, datozen hauteskundeetan Kataluniako alderdi errepublikano guztiak biltzen dituen "errepublikanoen batasuna" hautagaitza aurkeztea ez dute baztertzen.
Sabria ez da xehetasunetan sartu eta ez du azaldu Junts pel Si moduko zerrenda bakarreko hautagaitza berriro aurkeztuko duten edo ez, baina, nolanahi ere, “batera hartutako erabakia” izatea espero duela esan du.
Kataluniako Parlamentuaren deuseztapenaren harira, Sabriak esan du ERCek ez duela hori onartzen eta Carme Forcadell presidenteak Bozeramaileen Bilera bertan behera utzi badu bere borondatez kontra egin duela uste du.
Bestalde, Jose Manuel Maza Estatuko fiskalak iragarritako kereilen inguruan, “normaltasunera itzuli nahi dutela esan arren, estrategia bakarra dute: errepresioa” esan du Sabriak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa