Politika
Kataluniaren independentzia
Agentziak | Erredakzioa
Lege horren arabera, urtebeteko epea izango dute Kataluniako Konstituzioa idatzi eta Kataluniako Errepublikako lehen hauteskundeak deitzeko.
Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont 2017ko urriaren 27ko osoko bilkuran. Argazkia: EFE
Junts pel Sik eta CUPek 2017ko abuztuaren 28an erregistratu zuten Kataluniako Parlamentuan iragankortasun juridikorako legea. Ganberak legea onartu egin zuen, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berehala utzi zuen bertan behera.
Kataluniako Errepublikaren Konstituzioa idatzi arteko epea arautzen du, hau da, behin-behineko Konstituziotzat jo daiteke.
Hain zuzen ere, Kataluniako Errepublika independentea eratzeko prozesu konstituziogile hori abiarazteko agindua eman dio gaur Parlamentuak Generalitateari. Hauek dira iragankortasun juridikorako legearen gako nagusiak:
KONSTITUZIOA URTEBETEKO EPEAN
Urtebeteko epea izango dute Kataluniako Errepublika independentearen Konstituzioa idazteko eta lehendabiziko hauteskundeak deitzeko.
Prozesu konstituziogilearen lehendabiziko sei hilabeteetan herritarren ekarpenak jasoko dituzte eta ondoren hauteskunde berezi batzuk egingo dituzte Asanblada Konstituziogilea aukeratzeko.
Asanblada horrek idatziko du Konstituzioa eta ondoren Parlamentura eramango dute: hiru bostenen babesa beharko du onartua izateko. Azkenik, erreferenduma egingo dute, herritarren oniritzia jaso dezan.
ESPAINIAKO LEGE BATZUK, INDARREAN
Prozesu konstituziogilea amaitu bitartean, iragankortasun juridikorako legearekin “talka” egiten ez duten Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko legeak indarrean izango dira.
Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako legea guztiak berriro jarriko dituzte indarrean.
ESTATUBURUA, MUGAK ETA ARMADA
Generalitateko presidentea izango da Estatuburua. Kataluniako Gobernuak hartuko du muga eta aduanetako kontrola. Espainiako Armada kanporatu egingo dute eta Asanblada Konstituziogileak erabakiko du Kataluniak Armada propioa izango duen ala ez.
FUNTZIONARIOAK
Katalunian lan egiten duten Estatuko behargin publikoak Generalitateko langile izatera pasatuko dira, soldata eta lan-baldintza mantenduz. Langile horiek integratzeko baldintza Espainiako Gobernuarekin adostu beharko dela aipatzen da.
Generalitateko langilea izateko eta interes orokorreko enpleguak lortzeko ezinbestekoa izango da Kataluniako naziotasuna izatea.
NAZIOTASUNA ETA HIZKUNTZAK
Espainiako naziotasuna izan eta 2016ko abenduaren 31a baino lehenagotik Katalunian erroldatuta dagoenak Kataluniako naziotasuna izango du. Kataluniak herritar orok Espainiako naziotasuna mantenduko du, baina espainiartasunari uko egitea eska dezake.
Nork eska dezake Kataluniako naziotasuna? Atzerrian bizi baina Katalunian jaiotakoek; Katalunian gutxienez bost urtez bizi izan den espainiarrak; eta kataluniarren seme-alabek.
Katalunian gutxienez bost urtez jarraian bizi izan diren atzerritarrek ere eskatu ahalko dute Kataluniako naziotasuna.
Hizkuntza ofizialak katalana, espainiarra eta aranera izango dira.
JUSTIZIA
Ordenamendu juridiko berria eratuko dute, baina egungo epaile, magistratu, fiskal eta abokatuen lanpostuak eutsita. Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Auzitegi Gorena Kataluniako Bermeen Salak eta Justizia Auzitegi Nagusiak ordezkatuko dituzte.
Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidentea Generalitateak aukeratuko du eta fiskal nagusia Parlamentuak.
Auzi sozialetarako, lan-arloko eta administrazio auzietako salak mantendu egingo dituzte, baina epaitegi militarra kendu egingo dute eta oinarrizko eskubideei eta hauteskundeei lotutako auzietarako beste sala bat sortuko dute.
Gainera, Estatutuaren Bermerako Kontseilua (aholkularia) Berme Demokratikoen Kontseilua (loteslea) izatera igaroko da.
AMINISTIA
Kataluniako prozesu soberanista dela eta, auzipetu edo zigortu dituzten guztiei amnistia emango diete, tartean daude Artur Mas presidente ohia eta Irene Rigau, Joana Ortega eta Francesc Homs kontseilari ohiak.
OGASUNA ETA PENTSIOAK
Zerga-bilketa Generalitatearen esku egongo da. Herritarrek, enpresek eta erakundeek Kataluniako Ogasunean ordaindu beharko dituzte zergak.
Kataluniak Espainiako Estatuarekin duen zorrarekin zer gertatuko den ez dute argitu, baina Espainiako Gobernuarekin negoziatzea beharrezkoa izango dela aipatzen dute.
Era berean, Kataluniako herritar guztien pentsioak eta gizarte laguntzak jasoko dituztela zehazten du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa