01:13

Politika

Katalunia

Independentziaren aldeko blokearen erantzunak erabakitzeke jarraitzen du

Agentziak

Kataluniako Gobernuko presidentea eragile independentistekin bildu da, 155. artikuluaren aurrean emango duten erantzuna erabakitzeko. Gaur, berriz bilduko dira, osoko bilkura baino lehen.

  • Santi Vila Enpresa kontseilaria, bilera bukatu ondoren. Argazkia: EFE

    Santi Vila Enpresa kontseilaria, bilera bukatu ondoren. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Kataluniako Gobernuko kideekin eta independentziaren alde dauden alderdi eta eragileekin egindako bilera ostegunean bukatu da, 02:00etan, zazpi ordu bilduta eman ostean, Kataluniako Gobernuko iturriek Europa Press agentziari adierazi diotenez.

Hortaz, eragile guztiek negoziatzen jarraitzen dute, 155. artikuluaren aurrean emango duten erantzuna erabakitzeko, eta, gehiengoa independentzia aldarrikatzearen alde badago ere, oraindik ez dute behin betiko erabakia hartu.

Erantzuna zehaztu gabe dutenez, gaur goizean berriro bilduko dira, 155. artikuluaz eztabaidatzeko Kataluniako Parlamentuan egingo duten saioa hasi aurretik.

Bileran, kontseilariez gain, Lluis Corominas Junts pel Sí taldearen burua, Marta Rovira ERCren idazkari nagusia, Marta Pascal PDeCATen koordinatzaile nagusia, David Bonvehi alderdi horretako bigarrena eta Artur Mas Generalitateko presidenteordea egon dira.

Horiekin batera, Agusti Alcoberro ANCren presidenteordea, Marcel Mauri Omnium Cultural elkartearen bozeramailea, Miquel Buch Associació Catalana de Municipis (ACM) elkarteko presidente eta Premià de Mar udalerriko alkatea eta Neus Lloveras Vilanova i la Geltrú udalerriko alkatea ere izan dira.

Aurretik, Junts pel Sí taldeak bilera egin du, eta ostegun honetan hasiko den osoko bilkuran Kataluniaren independentzia deklaratzearen alde egin dute. Ez dute beste aukerarik ikusten, eta hala jakinaraziko diote Puigdemonti.

Koalizio horretako ordezkariak bi ordu eta erdiz egon dira bilduta Kataluniako Ganberan.

Bestalde, CUPen iritzia jakina da: independentzia deklarazioa egitea eta Kataluniako Errepublika aldarrikatzea.

Bileraz bilera dabil Generalitateko presidentea. Egoera ez da samurra. Senatuak ostiralean jarriko du martxan 155a, eta gaur bilkura egingo dute Kataluniako Parlamentuan. Azken orduetan Kataluniako Gobernuko kideekin eta alderdi eta elkarte subiranistekin batzartu da, zein bide hartu aztertzeko.

Astearte arratsaldean bost orduko bilera egin zuen Generalitateko Palaun, eta adostasunik gabe bukatu omen zen, gertuko iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez.

Hiru aukera mahai gainean

CUPek lurraldeko asanbladak egin zituen astearte gauean, eta batzar horietako batean presidenteak aztergai dituen aukeretako bi aipatu zituzten: batetik, independentzia aldarrikatu eta hauteskunde "konstituziogileak" deitzea, eta, bestetik, hauteskunde autonomikoak aurreratzea, Espainiako Gobernuak eskatu dion bezala.

CUPeko iturriek Europa Press agentziari esan diotenez, Puigdemontek bi aukera horien arteko konbinazioa ere badu buruan, hau da, independentzia aldarrikatzea eta segidan hauteskundeak deitzea.

Hirugarren aukera bat ere ba omen dago, Junts pel Sí alderdiko barne eztabaidetan azaldu dena: independentzia aldarrikatu eta herritarrei "erresistentziarako" deia egitea.

Generalitateko zenbait kontseilari hauteskundeak aurreratzearen alde mintzatu dira, baina Kataluniako Gobernuko iturriek Europa Pressi esan diotenez, "bakan batzuk" dira, gehiengoa ez dago horren alde.

"Dena oso arin aldatzen ari da", aitortu dute, eta ez dituzte dimisioak baztertu, independentzia aldarrikatuko balitz.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena