14:20

Politika

Katalunia

Puigdemont Senatura joatea aztertzen ari da, 155. artikulua gaitzesteko

Agentziak | Erredakzioa

Ostegunean 17:00etatik aurrera soilik egin ahal izango du agerraldia. Senatuko presidentea ostiralean Goi Ganberara gonbidatzeko prest dago, bezperan batzordera joan ezin izango balu.

1:18
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea Senatuan agerraldia egitea aztertzen ari da, Konstituzioko 155. artikulua gaitzesteko.

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusiak Kataluniako Parlamentutik azaldu duenez, Puigdemontek Senatuan agerraldia egitea "aukera bat" da, eta Kataluniako presidenteak "joatea egokia ikusiko balu", alderdia "eroso" sentituko litzatekeela eta babesa emango liokeela esan du.

Pascalen hitzetan, "guztiz bateragarria" da Senatuan azalpenak ematea "U-1eko mandatua betetzearekin?, "elkarrizketari zabaldutako esku honek ez digulako urriaren 1ean herritarrek bozkatu zutenarekin dugun konpromisotik zentimetro bat bera ere mugitzea egiten".

"Oso erabaki pertsonala da, eta berak hartu behar du, Generalitateko presidente bezala. Publiko egitean baloratuko dugu. Joatera erabakiz gero, oso erabaki zentzuduna izango da, eta babesa emango diogu", nabarmendu du.

Ostegun arratsaldean soilik egin ahal izango du agerraldia

Puigdemontek ostegunean 17:00etatik aurrera soilik egin ahal izango ditu alegazioak Espainiako Gobernuak hartutako neurriengatik, horiek izapidetzeko sortutako batzordearen aurrean.

Hala adierazi du Pedro Sanchez Goi Ganberako presidenteordeak prentsaurrekoan. Halaber, erakundearentzat "pozgarria" eta "oso positiboa" izango litzatekeela esan du Puigdemont bertan izatea Espainiako Gobernuak hartutako neurrien kontrako argudioak pertsonan azaltzeko.

Senatuak egutegia aldatzeko aukera izango ote zen galdeginda Kataluniako presidenteak joan ezingo balu, ostegunerako Kataluniako Parlamentuak osoko bilkura deitu duela eta, argi utzi du Goi Ganberak egutegia dagoeneko jarrita duela larunbatetik, eta ezin duela aldatu.

Senatuko presidentea, Puigdemont gondidatzeko prest

Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea Carles Puigdemont Generalitateko presidentea ostiralean Goi Ganberara gonbidatzeko prest dago, bezperan joan ezin izango balu Konstituzioko 155. artikuluko neurriak izapidetzeko batzordera.

Erakundetik azaldu dutenez, Senatuko presidenteak baiezkoa emango dio Puigdemontek ostiraleko ezohiko saioan hitz egiteari, nahiz eta araudiaren arabera, batzordean azaltzea dagokion Espainiako Gobernuak hartutako neurriei buruz.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena