Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1ean Kataluniako Poliziaren jarduna "eredugarria" izan zela nabarmendu dute, "benetan zaila" izan zen arren. Bestalde, "jasotako deskalifikazioen aurrean", elkartasuna adierazi diete.
Josep Lluis Trapero Mossoen burua Auzitegi Nazionalean. EFE
Ertzaintzako 40 bat agentek urriaren 1ean, Kataluniako autodeterminazio erreferendumean, Esquadra Mossoen jardun "eredugarria" txalotu dute eta Josep Lluis Trapero Mossoen buruari babesa erakutsi diote, Deia egunkariari bidalitako gutun baten bidez.
39 ertzainek sinatu dute eskutitza, baina "beste askok" horrekin bat egiten dutela nabarmen dute. Poliziaren egitekoa zein den gogorarazi dute agirian Ertzaintzako kideek: "Indarrean dagoen legedia errespetatuta, modu inpartzialean jokatzea, gehiegizko praktikak saihestuz eta indarkeria, beharrezkoa izatekotan, proportzionaltasunez erabiliz".
Hori horrela, Esquadra Mossoen jardun profesionala azken asteotan eta urriaren 1ean, bereziki, "eredugarria" izan zela uste dute, eta "gizartearen esker on, aitorpen eta txalo beroena merezi du", erantsi dute. Urriaren 1eko egoera "konplexua, benetan zaila" izan zela ohartarazi dute, gainera.
Gutuna sinatu dutenen aburuz, Mossoek "formak zainduz, euren zeregin profesionalak eraginkortasunez eta efikaziaz betez eta indarrean dagoen legedia errespetatuz" jokatu dute.
Mossoei egindako erasoen kontra
Halaber, azken egunetan "hedabide eta sektore politiko eta sozial jakin batzuetatik Mossoen kontra etengabe egindako deskalifikazioak" baztertu dituzte, eta, horien aurrean, euren "elkartasuna, babesa eta esker ona" adierazi diete, batez ere Josep Lluis Trapero polizia autonomikoaren buruari.
Gutunaren sinatzaileen ustez, Trapero "hierarkia printzipioari eta agintaritzari mendekotasunari modu eredugarrian lotu zaio". Salatu dutenez, "Espainiako eta Kataluniako sektore batzuek bidegabe tratatu dute".
"Kataluniako herriaren askatasuna, herritarren segurtasuna eta bakearen defentsa eta bermea esku onetan daude, zalantzarik gabe. Euskaditik adierazi nahi dizuegu ez zaudetela bakarrik", nabarmendu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa