12:10

Politika

Katalunia

Turull: 'Hauteskundeak deitzea ez dago mahai gainean'

Agentziak | Erredakzioa

Generalitateko Presidentetza kontseilariak adierazi duenez, "Katalunia dena herritarrek legitimoki aukeratutako Parlamentuak erabakiko du".

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jordi Turull Kataluniako Presidentetzako kontseilariak Espainiako Gobernuari "legez kanpo" jartzea leporatu dio igande honetan, Konstituzioko 155. artikulua ezarrita, eta uneotan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak hauteskundeak deitzea ez dagoela "mahai gainean" adierazi du.

RAC1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Turullek esan du Puigdemontek aste honetarako eskatutako osoko bilkuran "urriaren 1eko mandatua" errespetatzen duen erabakia hartuko dutela, Kataluniako erakundeen defentsan, 155. artikulua ezartzeko iragarpenaren aurrean.

"Katalunia bertako Parlamentuak, herritarrek legitimoki aukeratutako ordezkariak, erabakitzen duena izango da,ez besteek erabakitzen dutena", azaldu du Turullek. "Duintasun instituzionala" dela uste du.

Bestalde, Espainiako Gobernuari "legez kanpo" jartzea leporatu dio 155. artikulua ezartzeko iragarritako neurriekin, baina "ez legez kanpo hautetsontziak jartzeagatik", baizik eta "estatu-kolpea egiteagatik demokratikoki aukeratutako erakundeen aurka".

"Oharra hartu dezatela, izan ere, honek Europako baloreei eragiten die", ohartarazi du Jordi Turullek. Halaber, Katalunia gaur egun "Estatuak nahi ez duen herrialdea izatea" deitoratu du, eta "ziklikoki autogobernu erakundeak suntsitzera zuzentzen" dela gaineratu du.

Kontseilariaren ustez, "probokazio bat bestearen ostean dator. Ez dago independentzia judizialik, denak bat dira. Koroak "Haien aurka" esan zuenetik nahi demokratikoa geldiarazteko, mota guztietako gertaerak ikusten ari gara", salatu du.

'Faxismoaren aurrean, amore ematerik ez'

Bestalde, Raül Romeva Atzerri kontseilariak ohartarazi duenez, "faxismoaren aurrean ez dago distantziakidetasunik edo amore ematerik", eta errepublika defendatzera deitu du, haren iritzian, "ez baita aukera bat, bizirik irauteko erabateko beharra baizik".

Frankismoak hildako errepublikanoei Bartzelonan egindako omenaldian egin ditu Romevak adierazpen hauek, eta gaineratu du "inoiz izandako irmotasuna eta duintasuna" erakutsi behar dutela, "lasaitasunari eutsi behar diogu, baina balore demokratiko eta errepublikanoekin".

Zentzu horretan, "gaur inoiz baino gehiago", gogoratu du "errepublika ez dela bakarrik aukera bat, bizirik irauteko erabateko beharra baizik". "Ez dugu bidegabekeriarik onartuko, legezkotasunaren itxura eman nahi badiote ere", azpimarratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena