Itxi

Politika

Katalunia

Forcadell: 'Estatu-kolpea gorabehera, ez dugu atzerapausorik emango'

Agentziakn | Erredakzioa

Carme Forcadellen ustez, Rajoyk "muga guztiak gainditu" ditu "estatu kolpearekin", eta Ministroen Kontseiluan adostutako neurriek ez dutela legezkotasunik azpimarratu du.

  • Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. Irudia: EFE

    Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. Irudia: EFE

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak larunbat honetan esan du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "muga guztiak gainditu" dituela "estatu-kolpea" iragarrita, Konstituzioaren 155. artikuluaren babesarekin neurriak onartuta, "konstituzioaren aurka nabarmen eroriz", eta "ez ditugu onartuko", azpimarratu du.

Espainiako Gobernuak Katalunian legezkotasuna berrezartzeko onartutako neurrien ostean, Kataluniako ganberan egin duen deklarazio instituzionalean, Forcadellek esan du Ministroen Kontseiluan onartutako neurriak ez datozela "legezkotasunarekin bat, ezta legitimitate politikoarekin ere, eta katalan gehienen babesik ez" dutela gaineratu du.

“Konstituzioaz hitz egiten aho bete hortz dabiltzanak Konstituzioaren aurka eroriko dira, Katalunian demokrazia bertan behera geratzea nahi izanda", adierazi du Kataluniako Parlamentuko presidenteak.

Forcadellek kritikatu du Rajoyk "arduragabekeria politiko izugarriarekin" erantzun diola Generalitatearen elkarrizketa eskaintzari, "muga guztiak gaindituz", "estatu-kolpea" iragarrita, "Kataluniako erakundeen jabe egiteko asmoarekin".

'Kolpea demokraziarentzat'

Kataluniako Parlamentuko presidentearen hitzetan, "demokraziari kolpea" eman zaio XXI. mendeko Europan, "demokratikoki aukeratutako gobernu batekin amaitzeko asmoz", "kolpe autoritarioa" EBko kide den Estatu baten aldetik. Halaber, "Kataluniako Parlamentuarekin eta horren ordezkariekin amaitu" nahi duela gaineratu du.

Forcadellen ustez, Rajoyk gaur adostutako neurriekin Kataluniako Parlamentuak "demokratikoa izateari uztea" nahi du, inbestidura eztabaidak edota kontrol saioak ekidinez, eta, horren haritik, "ez dugu onartuko", ziurtatu du.

Testuinguru honetan, "itxaropen mezua" helarazi nahi izan die katalan guztei: "Kataluniako erakundeei egindako erasorik larrienaren aurrean, Parlamentuaren subiranotasuna, haren eskuduntzak eta diputatuen eskubideak babesteko konpromisoa hartzen dugu, baita demokrazia irmoa defendatzekoa ere", gatazka politikoak "politikoki konpontzen" direlako.

Hori dela eta, Forcadellek esan du ez dutela "atzerapauso bat bera ere egingo", katalanek demokratikoki aukeratutako "legezko ordezkariekin".