Politika
Omenaldia
Agentziak | Erredakzioa
ETAk hildako 49 enpresaburuak, 52 bahituak eta "iraultza-zergaren" xantaia pairatu zuten 10.000 zuzendariak omendu dituzte Bilbon.
Albisteak (3)
Lau hamarkadetan zehar ETAren terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean jasan behar izan zuten bakardadea gogorarazi dute gaur EAEko enpresaburuek Bilbon.
Confebaskek eta ADEGI (Gipuzkoa), CEBEK (Bizkaia) eta SEA (Araba) hiru lurraldeetako enpresaburuen elkarteek antolatu dute ekitaldia. ETAren biktimak izan diren enpresaburu guztiei omenaldi hunkigarria egin diete bertan.
ETAk behin betiko ekintza armatua iragarri zuenetik (2011ko urriaren 20an) seigarren urteurrena bete da gaur.
ETAk hildako 49 enpresaburuak, erreskate bat ordaintzera behartzeko bahitu zituen 52 zuzendariak eta “iraultza-zergaren” xantaia pairatu zuten 10.000 pertsonak omendu dituzte. Txalo zaparrada luzea jaso dute guztiek.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea eta EAJ, PSE-EE, Euskadiko PP eta Elkarrekin Podemoseko buruzagiak omenaldian izan dira.
EH Bildu, gonbidapenik gabe
EH Bilduko koalizioko ordezkaririk ez da ekitaldian izan. Antolatzaileek ez dituzte gonbidatu.
ETAko biktimen seme-alabek hitza hartu dute omenaldian, besteak beste, Angel Berazadi ETAk hildako (1976ko apirilean) lehen enpresaburuaren alabak eta Joxemari Korta hildako azken enpresariaren (2000ko abuztuan) semeak. Martin Ceballos Talleres Mareleko sortzaileak ere tarte bat izan du. Azken honen enpresaren aurka bost eraso egin zituzten, aurrena 1987an.
“Hainbeste sufrimendu zertarako, zertarako hainbeste atsekabe eta hutsune”, galdetu dio bere buruari Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak. “Mehatxuaren eta estortsioaren aurrean, atsekabeari eta gorrotoari aurre eginez, EAEko enpresaburuen gehiengo zabal batek lanean eta gure herrietan eta familien etxeetan bizitzen jarraitu du”, goraipatu du Larrañagak.
Enpresaburuek jasandako “sufrimendu bidegabea” aintzatetsi du Urkulluk
Enpresaburuek jasandako “sufrimendu bidegabea” aintzatetsi du Iñigo Urkullu lehendakariak. ETAk “gure gizartearen orainean eta etorkizunean” lekurik ez duela esan du buruzagiak. Horregatik, “behin betiko” desegiteko eskatu dio.
“ETA bukatu da”, azpimarratu du Urkulluk. Lehendakariaren ahotan, “printzipio etikoen eta balio demokratikoen defentsan, irmotasuna eta iraunkortasuna gailendu dira. Lan horretan enpresaburuak eredu izan zarete”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa