10:58

Politika

Katalunia

Moncloak 155.a bideratuko du, Puigdemontek argi erantzun ez duela iritzita

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuak ezohiko Ministro Kontseilua egingo du larunbatean, Senatura eramango dituen neurriak onartzeko, "Katalunian ordena konstituzionala berrezartzea" helburu.

2:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Katalunian ordena konstituzionala berrezartzeko egin zion errekerimenduari emandako erantzuna aztertuta, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak "ez du argi erantzun", Espainiako Gobernuaren ustez. Ondorioz, Konstituzioaren 155. artikuluak dakartzan izapideekin aurrera egingo duela eman dute jakitera gaur.

Espainiako Gobernuak agiri bat zabaldu du, eta Iñigo Mendez de Vigo Gobernuaren bozeramaileak kazetarien aurrean irakurri du. Bertan jasotakoaren arabera, larunbatean, hilaren 21ean, ezohiko Ministro Kontseilua deitu dute, Senatura ondorengo egunotan eramango dituzten neurriak onartzeko asmoz. Neurri horien xedea, agiri horrek azaldu duenez, "espainiarren interes orokorra babestea, Kataluniako herritarrena ere, eta Autonomia Erkidegoan orden konstituzionala berrezartzea" izango da.

Iturri ofizialek horrela erantzun diote Kataluniako presidenteak goizean bidalitako gutunari. Eskutitz horretan, Puigdemontek Mariano Rajoyri ohartarazi dio Kataluniako Parlamentuak "Kataluniako independentzia-aldarrikapen formala bozkatzeko aukera izango duela", baldin eta Espainiako presidenteak "elkarrizketa eragozten jarraitzen badu".

Rajoyren Exekutiboak Konstituzioaren 155. artikuluaren bideari helduko dio, beraz. Artikulu horrek aukera ematen dio Espainiako Gobernuari bere gain hartzeko orain arte Kataluniako Autonomia Erkidegoko Gobernuaren esku izan diren hainbat eskumen, Katalunia "legezko bideetara" itzul dadin.

Ezohiko Ministro Kontseilua, larunbatean

Moncloak jakitera eman duenez, Ministro Kontseilua larunbatean bilduko da, hilaren 21ean. Ezohiko bilera horretan, hainbat neurri onartuko dituzte, "espainiarren interes orokorra babestea, Kataluniako herritarrena ere, eta Autonomia Erkidegoan orden konstituzionala berrezartzea" helburu.

Konstituzioaren 155. artikuluaren arabera, aginte autonomiko batek ez badio men egiten legezko bideetara itzultzeko errekerimenduari, Espainiako Gobernuak dekretu bat onartuko du, eta neurri zehatzak jasoko dira bertan, Kataluniako Autonomia Erkidegoaren eskumenak hartzeko. Ondoren, Senatura bidaliko du, bertan onar dezaten eta indarrean sar dadin.

Espainiako Gobernuak larunbatean onartuko du, eta datorren astean hasiko dira neurri horiek bidea egiten. Espainiako Konstituzioa 1978an onartu zutenetik lehen aldiz erabiliko dute artikulu hori.

"Generalitateko arduradunen jarrera" salatu du

Espainiako Gobernuak zabaldu eta gerora Mendez de Vigok irakurritako agiriak zehaztu duenez, "gainerako alderdi politikoen babesa" eskertzen du. "Erronka sezesionistari gehiengoaren erantzun adostua" ari dira ixten orain Gobernua eta oposizioa. Bestalde, Gobernuaren bozeramaileak "Generalitateko arduradunek izan duten jarrera" salatu du; "izan ere, liskar instituzionalaren bila ibili da, nahita eta sistematikoki, Kataluniako elkarbizitzan eta ekonomia-egituran eragiten ari den kalte larria kontuan izan gabe".

Espainiako Gobernuak "eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu, ahalik eta lasterren legezkotasuna eta ordena konstituzionala berrezartzeko, herritarren arteko elkarbizitza baketsua berreskuratzeko, eta segurtasunik eza Katalunian eragiten ari den kalte ekonomikoa eteteko", horren hitzetan.

Senatuaren Mahaia larubatean bilduko da; azken bozketa, hilaren 27an ala 30ean

Senatuaren Mahaia ere bilduko da larunbatean, Ministroen Kontseiluaren ostean; hain zuzen, Kontseilu horretan onartutako neurriak jasoko ditu, eta horiek eztabaidatu eta onartzeko tramitazioa zehaztuko du. Tramitazio hori datorren astean gauzatuko da, astelehenetik aurrera; azken bozketa hilaren 27an, ostiralarekin, ala hilaren 30ean, astelehenarekin, egin liteke, Europa Pressi parlamentu-iturriek jakitera eman diotenez.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena