Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
PP soilik agertu da erabakiarekin pozik. "Zuzenbide Estatuak nor bere tokian jartzen du", esan du Xavier Garcia Albiolek.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Albisteak (4)
Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak espetxeratzeko aginduak erreakzio soka luzea eragin du.
Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentearen esanetan, erabaki horrekin "ideiak kartzelatu" nahi dituzte, baina horrek "askatasun beharra" indartu egiten du.
"Cuixart eta Sanchez espetxeratu izana albiste oso txarra da. Ideiak kartzelatu nahi dituzte, baina horrek askatasun beharra indartu egiten du", adierazi du Twitter bidez.
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak, berriz, honakoa zabaldu du: "Hitz egitea eskatzen dugu, elkarrekin esertzea eta hitz egitea, eta PPk, Fiskaltzaren bidez, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart baldintzarik gabe espetxeratuz erantzuten du".
TV3 telebistan egindako elkarrizketa batean Jordi Turull Generalitatearen bozeramaileak esan duenez, "ANCko eta Omniumeko buruzagiak kartzelatzea lotsagarria da".
"Ahalegin handia egin dugu, konpromisoz eta irmotasunez aritu gara, elkarrizketarako prest agertu gara, baina Espainiako Estatua urriaren 1ean hasi zen erasoan polizia kargen bidez, eta orain hala jarraitzen du. Demokraziaren lotsa da. Munduak jakin behar du Espainiako Estatuak nola jokatzen duen", zabaldu du.
CUPek azpimarratu du ezinezkoa dela "herri oso baten ahotsa" isilaraztea. Gabriela Serra alderdi independentista horretako diputatuak honakoa idatzi du Twitterren: "Ezingo dute herri oso baten ahotsa isilarazi! Etxean nahi zaituztegu. Zuen askatasuna gure askatasuna da. Zuen kontra doana, gure kontra doa. Ez dugu horrelakorik onartuko. Kalera!".
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen aburuz, Auzitegi Nazionaleko magistratuaren erabakia "bidegabea" da.
"Agintari baketsuak, istilurik gabeko mobilizazio jendetsuen bultzatzaileak, kartzelara. Bidegabea. Ez zaudete bakarrik, etxean nahi zaituztegu", adierazi du.
Ada Colau Bartzelonako alkatearen ustez ere, "bidegabea" eta "akats larria" da Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart espetxeratu izana.
"Kartzelara manifestazio baketsuak antolatzeagatik? Erabat bidegabea eta akats larria, elkarrizketatik urruntzen gaituelako. Judizializaziorik ez!", esan du Twitterren.
Miquel Iceta Kataluniako Alderdi Sozialistaren buruzagiaren esanetan, "gehiegizkoa" da Carmen Lamela epailearen erabakia.
"Epailearen erabakia gehiegizkoa iruditzen zaigu. Irailaren 23an bertan kritikatu genuen Jordi Sanchezi eta Jordi Cuixarti sedizioa leporatu izana", adierazi du Icetak.
Xabier Garcia Albiol Kataluniako PPren presidentea, ostera, pozik agertu da bi erakunde soberanistetako buruzagiak espetxeratzeko erabakiarekin.
"ANC eta Omniumeko arduradunak kartzelara, sedizioagatik. Zuzenbide Estatuak nor bere lekuan jartzen du", idatzi du Twitterren.
Ciudadanosek esan du errespetatu egiten duela Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia, eta "legearen aurrean guztiok berdinak gara", erantsi du.
"Hobe litzateke demokrazia kolpatzen arituko ez balira, baina horretan ari dira, eta bakoitzak bere gain hartu behar ditu bere erabakien ondorioak", adierazi dute Ciudadanoseko iturriek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa