Politika
Proposamena
Agentziak | Erredakzioa
EAJri eta Elkarrekin Podemosi egin die deia. Azken helburua Euskal Errepublika Konfedarala gauzatzea izango litzateke, Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko herritarrek hala nahi izanez gero
Albisteak (2)
EH Bilduk Euskadiko estatus berriari buruzko proposamena egin die EAJri eta Elkarrekin Podemosi; hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidea aitortzen duen estatus berri bat proposatzen du, Estatuaren erantzuna kontuan izan gabe. Horixe da aurreko urratsa, lehenengoa, baina koalizioaren azken helburua da Euskal Errepublika Konfederala gauzatzea, Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko herritarrek hala erabakiko balute.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak esan du, hala ere, ez duela ematen Iñigo Urkullu lehendakaria prest dagoenik "burujabetzarako bide batean" sartzeko; bide horren xedea izango litzateke gauzatzea euskal herritarrek erabakiko duten hori, Estatuaren erreakzioa kontuan izan gabe. Iriartek aurkeztu du astelehen honetan, Eusko Legebiltzarrean emandako prentsaurreko batean, EAEren estatus politiko berri baterako EH Bilduren proposamena.
Legebiltzarkideak nabarmendu du "interesgarria”" izango litzatekeela helburu hori 2019. urtea baino lehenago lortzea, baina ez du nahi izan muga-datarik jarri.
Eusko Legebiltzarrean erregistratutako testuak Euskadin kokatzen du bere jarduera-eremua, baina bertan nabarmenduta dago proposamenaren azken helburua Euskal Errepublika Konfederala gauzatzea izango litzatekeela; Errepublika horretan, herritarrek hala nahi izanez gero, Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria egongo lirateke.
Herritarren borondate demokratikoa, "muga bakarra"
Proposamena, gainerako taldeek honen gainean egin ditzaketen proposamen guztiak bezala, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eztabaidatuko dute; Lantalde horretan, EAEko estatus politikoaren balizko erreforma bat ari dira aztertzen.
EH Bilduren testuak abiapuntu du "Euskal Herria nazioa" dela, eta, hortaz, "eskubidea du autoderminaziorako". Koalizioaren iritziz, herritarren borondate demokratikoa da muga bakarra Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko; hala, "legea egon behar da herritarren borondatearen mendean, eta ez alderantziz".
EH Bilduk proposatzen du euskal Estatua ezartzea; Estatu horrek bere egitura instituzionala izango luke, bai Botere Legegileari dagokionez baita exekutibo eta judizialari dagokienez ere. Koalizioak proposatutako Estatu horretan, "elkarbizitza demokratikoa eta Giza Eskubideekiko errespetua nagusituko lirateke, gizarte-eskubideak bermatuko lirateke eta erreferendum eta kontsulten gaineko lege bat egongo litzateke", besteak beste.
EH Bilduk erregistratutako agirian, helburu horiek lortzeko "prozedura demokratikoa" dago zehaztuta. Lehen fasean, Eusko Legebiltzarrak adostu eta onartuko lituzke estatus politiko berriaren hastapenak; gerora, "prozesu konstituziogilea abiatuko litzateke", estatus berriari buruzko testu bat zehaztu eta artikulatzeko. Legebiltzarrean onartuta, herritarrei esango litzaieke bozkatzeko, "kontsulta bideratzaile batean".
"Negoziazioa" Estatuarekin
Herritarrek agiriari oniritzia emango baliote, bigarren fasea hasiko litzateke. Bertan, Espainiako Gobernuarekin negoziazioa zabaltzen saiatuko lirateke: Negoziazio horretan ez legoke aukerarik Euskadin adostutako testua aldatzeko; aztertuko lituzkete, aldiz, noiz eta nola gauzatuko litzatekeen Euskadiko herritarrek erabakitakoa.
Nolanahi ere, EH Bilduk ez du ikusten inolako aukerarik espainiar Estatuak horrelako negoziazio bat onartzeko; hortaz, proposatzen duenez, hala gertatuz gero, Euskadiko alderdi politikoek eta gizarte-eragileek “burujabetzarako bide propioa adostuko lukete”.
Maddalen Iriartek azaldu duenez, balizko akordio horretan daudenek barneratu beharko lukete herritarrek hartutako erabakia gauzatzeko konpromiso argia, "Estatuaren erantzuna gorabehera". Estatus berria Estatuarekin hitzartutako akordio politiko batera baldintzatzea, berez, "erabakitzeko eskubideari uko egitea izango litzateke", esan du.
EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernua Katalunian ematen ari den erantzun bortitzak eta PPK, PSOEk eta Ciudadanosek gai horren gainean duten iritziak erakusten dute Estatuak "ez duela inoiz onartuko Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea".
Hori dela eta, "Estatuaren ezezko biribilaren aurrean", esan die erabakitzeko eskubidearen alde dauden gainerako alderdiei akordioa lortzeko, Euskadiko estatus berriaren gainean, "kontuan izanik Madrilen ez dugula akordiorik aurkituko, erasoa baizik".
Iriartek EAJri eta Elkarrekin Podemosi egin die zuzeneko deia, xede izanik Estatuak ez izatea aukerarik betoa jartzeko Euskadiren erabakitzeko eskubideari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa