Politika
Rajoyri gutuna
EITB.EUS
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak asteazkenean bidalitako errekerimenduari gutun bidez erantzun dio Generalitateko presidenteak. Elkarrizketarako bi hilabete eman dizkio.
Albisteak (4)
Carles Puigdemontek elkarrizketarako "bi hilabeteko epea" eman dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Kataluniako presidenteak gaur 10:00ak arte zuen Moncloak asteazkenean bidalitako errekerimenduari erantzuteko.
Bi orrialdeko gutun baten bidez ihardetsi du Generalitateko presidenteak. Eskutitzean ez du argitu urriaren 10ean Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldian independentzia aldarrikatu ote zuen. Zehaztu duenez, "urriaren 1ean herritarrek hautetsontzietan emandako agindu politikoaren ondorioak etenda daude, nire borondatea konponbidea lortzea delako, ez ika-mika".
Elkarrizketarako deia berretsi du Puigdemontek, eta bilera bat "lehenbailehen" hitzartzeko galdegin dio Rajoyri.
Eten dezala 'errepresioa'
Negoziazioa beharrezkoa dela azpimarratzeaz gain, "Kataluniako herriaren eta gobernuaren kontrako errepresioa" geldiarazteko exijitu du Generalitateko presidenteak. Ildo horretan, gogorarazi du Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteetako presidenteek eta Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruak Auzitegi Nazionalean ikertu gisa deklaratu behar dutela gaur, sedizioa egotzita.
Errepresio horren adibide dira, Puigdemonten hitzetan, "Generalitateko kontu korronteen esku hartzea eta izoztea, Interneten eta hedabideetan ezarritako zentsura, posta-sekretua urratzea, funtzionario publikoak atxilotzea edota Poliziak urriaren 1ean herritar baketsuen kontra erabilitako indarkeria basatia".
"Gertatutakoak gertatuta, elkarrizketarako gure proposamena zintzoa da, baina logikoki errepresio eta mehatxu giro honetan ezin da hitz egin", azpimarratu du.
"Hitz egin nahi dugu"
Puigdemontek aitortu duenez, "harrituta" geratu zen Rajoyk asteazkenean Espainiako Konstituzioen 155. artikuluari bidea emateko pausoa eman zuela ikusi zuenean, eta Generalitatearen hitz egiteko borondatea "zintzoa eta benetakoa" dela berretsi du. Generalitateko presidenteak urriaren 1eko hauteskundeen eta Kataluniako azken hauteskunde autonomikoen emaitzak gogoratu ditu, eta itundutako erreferendum baten alde dauden herritarren kopuru handia (% 80 ingurukoa). "Errealitatea onartzea da arazoak konpontzeko bidea", azpimarratu du.
Hala, "datozen bi hilabeteotan" elkarrizketa abiatzeko deia egin dio Rajoyri, "negoziazioa bideratzeko prest agertu diren nazioarteko, Espainiako eta Kataluniako erakunde eta pertsona ezagun guztiek hori garatzeko aukera izan dezaten".
"Nire gobernuaren lehentasuna elkarrizketa modu bizian bilatzea da. Hitz egin nahi dugu, demokrazia sendo guztiek egiten duten legez. Kataluniako herritarren gehiengoak nahi duen Europaren baitako herri independentea lortzeko egin nahi dugu berba", azaldu du.
Eskutitzaren azken partean urriaren 10eko bere hitzaldiaren, erreferendum legearen eta urriaren 1eko emaitzen estekak atxiki ditu Puigdemontek.
> Puigdemontek.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa