Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko liderrak eta Albert Riverak uste dute Generalitateko presidenteak argitu behar duela, errekerimenduan, egoera. Unidos Podemoseko Monterok gaitzetsi du bitartekaritza errefusatu izatea
Albisteak (11)
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Albert Rivera Ciudadanoseko liderrak Mariano Rajoyri babesa eman diote, azken horrek Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari bidalitako errekerimenduari dagokionez; errekerimenduaren xedea da Puigdemontek argitzea astearte arratsaldean Kataluniako independentzia aldarrikatu ote zuten ala ez. Berez, Konstituzioaren 155. artikuluaren bidea martxan jarri du Rajoyk, horrela. Irene Montero Unidos Podemoseko parlamentu-bozeramaileak, baina, Rajoyk Puigdemontek eskainitako elkarrizketari uko egin izatea "ulertezina" dela esan du.
Horrela, Pedro Sanchezek eskatu dio Kataluniako presidenteari argi dezan ea atzo independentzia-aldarrikapena egin zuen ala ez; hortaz, babesa eman dio Mariano Rajoyri azken horren errekerimenduan.
Prentsaurrekoan, PSOEko liderrak adierazi du beti egongo dela "neurrizko erantzunaren alde, krisi honi irtenbidea emateko"; hortaz, berak ere uste du beharrezkoa dela "Puigdemontek argitzea atzo zer esan nahi izan zuen".
Gainera, Sanchezek nabarmendu du atzo gauean adostu zuela Rajoyrekin sei hilabete barru irekiko dutela erreforma konstituzionala, hau da, lurralde-sistemaren aldaketa ikertzen ari den parlamentu-batzordea amaitu ostean. Azaldu duenez, Rajoyrekin adostutako akordioak aurreikusten du ahalik eta lasterren abiatuko dela autonomia-ereduaren gaineko PSOEk proposatutako parlamentu-batzordea, eta horrek sei hilabeteko iraupena izango duela; gerora, Konstituzioa erreformatzeko eztabaida zabalduko dute, esan du Sanchezek; PSOEk, haren esanetan, Rajoy babestuko du Kataluniako independentistei emango zaien "erantzun konstituzionalean".
Rivera, "pozik"
Ciudadanoseko lider Albert Riverak, bere aldetik, "pozik" azaldu da; izan ere, uste du Mariano Rajoyk 155. artikulua jarri duela martxan, errekerimendua bidaliz. Riverak, Kongresuan komunikabideei egindako adierazpenetan, nabarmendu du Rajoyk "hausnarketa egin duela"; independentistek demokraziari atzo Kataluniako Parlamentuan gauzatutako kolpea gelditzeko urratsa eman du Espainiako presidenteak, Riveraren iritziz.
"Gobernuak esan dit 155a ezarriko dutela, errekerimenduarekin, Puigdemontek amore eman ezik", gehitu du.
"Batek zerbait egitea nahi duenean, eta esku hartzen denean, pozik gaude; ez dut besterik esaterik", nabarmendu du Cuidadanoseko liderrak.
Haren iritziz, Ministroen Kontseiluak onartutako neurriak "bideratuko du, berriro, demokraziara, egun demokraziatik kanpo dagoen Parlamentu bat dena”. Riverak Ministroen Kontseilua hasi aurretik hitz egin du Rajoyrekin, eta berretsi du Puigdemont demokraziatik eta sen onetik at egoteaz gain, "oso barregarri ari da geratzen, Europa- eta mundu-mailan".
Monteroren iritziz, "ulertezina" da bitartekaritzari uko egitea
Irene Montero Unidos Podemoseko parlamentu-bozeramaileak galdetu dio Soraya Saenz de Santamariari zergatik ez duen Gobernuak onartu Generalitatearekin hitz egitea bitartekaritza bat adosteko; horixe da Pablo Iglesiasek proposatu duena.
Unidos Podemoseko bozeramailearen iritziz, "ulertezina" da, Puigdemontek atzo independentzia ez aldarrikatuta, Gobernuak elkarrizketa ez onartzea, eta arriskuan jartzea irtenbide bat emateko aukera; hori dena, "Espainiako banderan bilduta".
Monterok berretsi du irtenbiderik zuhurrena, Estatua krisian dagoen garai honetan, adostutako eta bermeak dituen erreferendum bat egitea.
Saioaren ostean egindako adierazpenetan, Irene Monterok aurpegiratu dio PSOEri "Aliantza Hirukoitza" berpiztea, PP eta Ciudadanosekin, xede izanik, "hori gutxi balitz", 155. artikulua aplikatzea eta Kataluniako autogobernua bertan behera uztea.
n behera uztea.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa