Politika
KATALUNIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak iragarri zuenez, Ministro Kontseilua asteazkenean elkartuko da Kataluniako Parlamentuan gertaturikoari erantzuteko.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hitz gogorrak egin zituen Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen kontra, eta bitartekaritza bat "inposatu nahi" izatea egotzi zion "legezkotasunera itzuli gabe". Azpimarratu zuenez, elkarrizketa legearen barruan eta joko-arauak errespetatuz egin behar da. Halaber, Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilua deitu zuen asteazkenerako Kataluniako Parlamentuan gertaturikoari erantzuteko.
Horrela mintzatu zen Espainiako Gobernuko presidenteordea Kataluniako parlamentuko osoko bilkuraren balorazioa egiteko Moncloa Jauregian egin zuen agerraldian.
Katalunia inoizko ziurgabetasun maila handienean murgiltzea egotzi zion Saenz de Santamariak Puigdemonti. Haren hitzetan, "non dagoen, nora doan eta norekin doan ez dakien" pertsona batek egindako hitzaldia izan zen Puigdemontena.
Saenz de Santamariaren esanetan, PPren Gobernuak ezin du onartu Erreferendumaren legeari baliozkotasuna ematea, besteak beste, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuelako. Generalitateak ezin du urriaren 1eko erreferendumaren emaitza bere gain hartu "gutxieneko bermerik gabeko legez kanpoko eta iruzurrezko ekintza bat izan zelako", horren esanetan.
Aldi berean, Espainiako Gobernuko presidenteordearen hitzetan, "ez Puigdemontek ez beste inork ezin du existitzen ez den lege baten eta egin ez den erreferendum baten inguruko ondoriorik atera. Kataluniako herriaren borondateaz jabetu nahi dute".
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak iragarri zuenez, Ministro Kontseiluen asteazkenean 09:00etan elkartuko da Kataluniako Parlamentuan gertaturikoari erantzuteko. Gaineratu zuenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea alderdi nagusienetako buruzagiekin harremanetan jarri da ahalik eta adostasun zabalena lortzeko. Are gehiago, atzo bertan Mariano Rajoy Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin elkartu zen Moncloa jauregian.
Elkarrizketaren aldeko apustua egiten dutenen fede onaz abusatzea egotzi zion PSOEk Puigdemonti
PSOEk Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari ohartarazi zionaren arabera, Kataluniako auzia konpontzeko elkarrizketaren aldeko apustua egiten dutenen "fede onaz" abusatzen ari da.
Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak Ferrazeko egoitzan egin zuen prentsaurrekoan, Puigdemonten hitzaldiaren balorazioa egin zuen. Abalosen esanetan, Puigdemont kontraesanetan erori zen: batetik, elkarrizketarako deia egin zuen, eta, bestetik, independentzia adierazpena sinatu zuen JxSiko eta CUPeko diputatuekin batera. Sozialisten iritziz, erantzukizun judizialei "izkin egiteko" egin zuen Kataluniako presidenteak hitzaldi "anbiguoa".
Edozein kasutan, Abalosek Espainiako Gobernuaren esku utzi zuen Kataluniako Parlamentuan gertatu zenaren interpretazioa egiteko erantzukizuna, Estatuaren tresna juridikoak erabilita. Espainiako Gobernuari ere badagokio Generalitatearengana zuzentzea eta berari galdegitea.
Iglesiasek Puigdemonten "zentzua" azpimarratu zuen eta 155. artikulua ez aplikatzeko eskatu zion Rajoyri
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen "zentzua" eskertu zuen; izan ere, "bistakoa da ez duela aldebakarreko independentzia deklaratu". Hori dela eta, Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ez aplikatzea eskatu zion Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
"Zentzuz jokatu izana eskertu behar zaio Puigdemonti, nahiz eta bere erabakiak etsipena sortu haren aldeko jarraitzaile batzuen artean. Ez gara inoiz Puigdemontekin eta haren alderdiarekin ados egon, baina gaur erakutsi duen zentzua eskertu beharra dago", ziurtatu zuen Iglesiasek Espainiako Diputatuen Kongresuan kazetarien aurrean egin zuen agerraldian.
Aldi berean, "zentzuduna" izateko eskatu zion Iglesiasek Rajoyri: "Bistakoa da Puigdemontek ez duela independentzia deklaratu. Nire ustez, oso garrantzitsua da Gobernuari esatea ez diezaiela jaramonik egin bere alderdiko muturreko ahotsei, ezta 155. artikulua aplikatzea edota salbuespen egoera ezartzea eskatzen dion bere bazkide laranjari ere".
Riverak 155. artikulua aplikatzea eskatu zion Rajoyri, independentzia deklarazioa atzeratzea 'xantaia' egitea dela iritzita
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak adierazi zuenez, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak "kolpea eman dio demokraziari" Kataluniako Parlamentuan. Haren esanetan, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzeko Puigdemontek egindako eskaintza "xantaia" bat da, eta, ondorioz, "aitzakiarik gabe" 155. artikulua aplikatzea eta hauteskunde autonomikoak deitzea eskatu zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.
"Gure susmoak bete dira eta kolpea eman dio demokraziari", esan zuen kazetarien aurrean Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian. Riveraren hitzetan, kolpe horrekin "xantaia egin nahi die Estatu espainiarrari eta demokrazia espainiarrari".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa