05:55

Politika

KATALUNIA

Puigdemontek independentziaren ondorioak etetea erabaki du, hitz egiteko

AGENTZIAK

Erreferendum Legea behin-behinean bertan behera uztea proposatu du Kataluniako presidenteak, elkarrizketa abiatzeko.

28:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Kataluniaren independentzia deklaratu zuen atzo, urriak 10, baina Erreferendum Legearen ondorioak behin-behinean bertan behera uztea proposatu zuen, elkarrizketa abiatzeko. Halaber, "herriaren mandatua" bere gain hartzen duela adierazi zuen, "Katalunia errepublika independente bihurtzeko".

Kataluniako Parlamentuan egin zuen 30 minutu inguruko agerraldian Puigdemont presidenteak adierazi zuenez, Kataluniak estatu independente izateko eta entzuna izateko eskubidea lortu du. Halere, independentzia zuzenean aldarrikatzea saihestu zuen, Espainiako Estatuarekiko "tentsioa lasaitzea" helburu. Horren esanetan, "eskuzabaltasun eta erantzukizun keinu bat da" Estatu espainiarrarekin elkarrizketa garai bat irekitzeko itxaropenarekin.

"Neure gain hartzen dut erreferendumaren emaitzak zuen aurrean eta herritar guztien aurrean aurkeztea. Herriaren mandatua nire egiten dut Kataluniako errepublika independente bat bihurtzeko", azpimarratu zuen Puigdemontek.

"Irmotasun berarekin Kataluniako Gobernuak eta nik Parlamentuari proposatzen diogu independentzia deklarazioaren ondorioak bertan behera uztea, ondorengo asteetan elkarrizketa abiatzeko", gaineratu zuen.

Bere hitzaldian, Puigdemontek azken urteetan Katalunian gertatutakoaren errepasoa egin zuen, Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren kontrako epaia eman zuenetik gaur arte. Gainera, urriaren 1eko polizia-kargak gaitzetsi zituen. Horren hitzetan, orduko irudiak "betiko gordeta geldituko dira" katalanen memorian.

"Ez gara gaizkileak, ez gaude erotuta, ez gara kolpistak, ez gaude abduzituta. Botoa eman ahal izatea eskatzen dugun jende arrunta gara. Modu adostuan hitz egiteko prest gaude. Ez dugu ezer Espainiaren eta espainiarren kontra, alderantziz, elkar ulertu nahi dugu, gure arteko harremanak ez baitu funtzionatzen. Konstituzioa marko demokratikoa da, baina bada demokraziarik Konstituziotik harago", esan zuen Puigdemontek Espainiako herritarrei zuzenduta.

Independentzia adierazpena sinatzeko ekitaldia

Parlamentuko saioa bukatutakoan, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak eta JxSiko eta CUPeko diputatuek independentzia deklarazioa sinatu zuten.

Testuak aurreikusten du Trantsizio Legea indarrean sartzea eta "Estatu independente eta subirano gisa Kataluniako Errepublika sortzea". Adierazpenak "Kataluniako ordezkarien deklarazioa" du izena, eta Generalitatearen idazpurua du.

"Legezkotasunera itzuli gabe" bitartekaritza "inposatu nahi" izatea egotzi dio Espainiako Gobernuak Puigdemonti

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hitz gogorrak egin zituen Generalitateko presidentearen kontra, eta "legezkotasunera itzuli gabe" bitartekaritza "inposatu nahi" izatea egotzi zion. Azpimarratu duenez, elkarrizketa legearen barruan eta joko-arauak errespetatuz egin behar da. Halaber, Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilua deitu zuen hurrengo egunerako, Kataluniako Parlamentuan gertaturikoari erantzuteko.

Katalunia inoizko ziurgabetasun maila handienean murgiltzea egotzi zion Saenz de Santamariak Puigdemonti. Horren hitzetan, "non dagoen, nora doan eta norekin doan ez dakien" pertsona baten hitzaldia izan da Puigdemontena.

CUPen ustez, ezinezkoa da Espainiako Gobernuarekin negoziatzea

Anna Gabriel CUPeko diputatuak azpimarratu zuen ez diotela uko egingo Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatzeari, eta Puigdemonten adierazpena kritikatu zuen: "Ezin dugu bertan behera utzi bi milioi herritarren borondatea".

"Guk eta beste jende askok ez dugu atzera egingo. Ez dago porrotik. Kataluniako Errepublika defendatzeko prest gaude. Bihotzean mundu berri bat daramaten pertsonen izenean, Errepublikaren alde lanean jarraituko dugu", esan zuen.

Gabrielen iritzian, independentziaren ondorioak ezin daitezke behin-behinean eten, are gutxiago Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko. "Negoziatu norekin? Jazarri eta mehatxatzen gaituen estatu batekin? Bere poliziak eta militarrak lotsarik gabe zabaltzen dituen estatu batekin? Ultraeskuindarrak gure aurka zirikatu eta eskubideak ukatzen dizkigun estatu batekin?", galdetu zuen.

Ildo horretan, Gabrielek gogora ekarri zuen Kataluniako Errepublika aldarrikatzea balizko negoziazio baterako "tresna" litzatekeela, Espainiako Estatuarekin parez pare hitz egitea ahalbidetuko lukeelako.

Alabaina, eskubide guztiak, autodeterminaziorako eskubidea tartean, aintzat hartzen duen solaskide batekin soilik hitz egin daitekeela ohartarazi zuen.

Lluis Corominas Junts pel Si taldeko presidentea PSC eta Catalunya Si Que es Pot (CSQEP) alderdiei zuzendu zitzaien, Puigdemontek elkarrizketarako egin zuen deiarekin bat egin dezatela eskatzeko.

"Bitartekaritza bide ona izan daiteke. Elkarrizketarako borondatea agertuz gero, eskua luzatuko digutela esan digutenak gure alboan izatea espero dugu, PSC eta CSQEP gure alboan izango direla espero dugu", esan zuen Parlamentuan.

"Bitartekari bat nahi dugu, Espainiako Gobernuak politika egin dezan eta Kataluniaren aurka darabilen indarkeria judiziala eta poliziala amaitu dadin", erantsi zuen.

Anbiguotasunez jokatzea egotzi dio oposizioak Puigdemonti

Bestalde, Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagiak esan zuen Puigdemontek Kataluniako autonomia eta Parlamentua "arriskuan" jarri dituela independentzia prozesuarekin.

Era berean, epekako independentzia deklarazioa egin izana salatu zuen: "Independentzia deklarazioa bertan behera utzi arren, epekako independentzia aldarrikapen baten aurrean gaude".

Ildo horretan, "urriaren 1eko erreferenduma ez du Europar Batasuneko buruzagi politiko bakar batek ere aintzat hartu", erantsi zuen Arrimadasek.

Horrez gain, Kataluniako herritarren gehiengoa katalan, espainiar eta europar sentitzen dela adierazi zuen: "Ez dakit bihotza nolakoa duzun. Baina gure bihotzean hiru nortasun eta baten bat gehiago kabitzen da. Ez dizugu onartuko gure bihotza haustea".

PSCren aldetik, aldiz, Miquel Iceta alderdiko idazkariak nabarmendu zuen Puigdemontek ez duela independentzia deklaraziorik egin, eta, beraz, ezinezkoa dela independentziaren ondorioak aldi baterako bertan behera uztea.

Generalitateko presidentearen agerraldiak nahasmena eragitea kritikatu zuen: "Ezin daiteke baliorik gabe utzi deklaratu ez dena". Gainera, egoera honek Kataluniako herritarrei eta enpresei ezinegona eragin diela salatu zuen.

Urriaren 1ekoa ez zela erreferenduma izan ere adierazi zuen. "% 38,47k ez du Kataluniako herria ordezkatzen, eta gutxiengoa ezin daiteke gehiengoaren gainetik egon", erantsi zuen.

Xavier Garcia Albiol PPko buruzagiaren hitzetan, Katalunia ez da inoiz herrialde independentea izango, "Puigdemont gauzak nahasi nahian dabilen arren".

"Anbiguotasunak eta hitz-jokoak amaitu dira; Zuzenbide Estatuak ez du onartuko Katalunia Estatu independente errepublikarra bilakatzea, ez epeka, ezta modu diferituan ere", azpimarratu zuen.

Albiolen hitzetan, Puigdemontek egindako adierazpena ez da argia izan, eta elkarrizketarako agertu duen borondatearen harira, ondokoa erantsi zuen: "Espainiako Estatuak ez du inoiz negoziatuko subiranotasun nazionala nola hautsi edo Katalunia Espainiatik nola banatu daitekeen".

Lluis Rabell Catalunya Sí Que Es Pot taldeko presidenteak pozik hartu zuen Puigdemonten iragarpena, Espainiako Estatuarekin hitz egiteko aukera ireki duela iritzita.

Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua edota Kataluniaren autogobernua bertan behera uztea eragin dezakeen neurririk ez aplikatzeko eskatu zion Mariano Rajoyren Gobernuari. "Garaileak eta galtzaileak dituen konponbiderik ez dago", erantsi zuen.

Horrela bada, irtenbidea elkarrizketa eta bermeak izango dituen erreferendum bat adostea direla adierazi zuen. "Ausartak izateko unea da, eta gaur ausarta izateak elkarrizketa esan nahi du", azpimarratu zuen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena