15:38

Politika

Kataluniako Parlamentua

Konstituzionalak bertan behera utzi du U-1aren ostean deitutako osoko bilkura

Agentziak | Erredakzioa

Kataluniako “Parlamentuaren subiranotasuna” defendatuko duela ziurtatu du Forcadellek. Konstituzionalaren “eraginkortasunaz” ironiaz hitz egin du Turullek.

  • Auzitegi Konstituzionalaren egoitza. Artxiboko irudia: EFE

    Auzitegi Konstituzionalaren egoitza. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PSCk aurkeztutako babes helegitea onartu du Auzitegi Konstituzionalak, eta Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkura bertan behera utzi du. Asteleheneko osoko bilkuran independentzia aldarrikatuko balute Konstituzioa urratu eta diputatuen eskubideak “suntsituko” lituzketela argudiatu du Konstituzionalak.

Urriaren 1eko erreferendumaren emaitzak eta ondorioak baloratzeko, datorren astelehenean agerraldia egiteko asmoa agertu zuen Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak.

Eguneko gai-zerrendan ez da independentzia adierazpenik aipatzen, baina Kataluniako errepublika aldarrikatu behar zutela adierazi zuen CUPek.

PSCren babes helegitea aztertu du gaur Auzitegi Konstituzionalak, eta Parlamentuaren deialdia bertan behera uztea erabaki du.

Babes helegitea

PSCk gaur goizean aurkeztu du babes helegitea Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, auzitegi berak Erreferendum Legea “bertan behera utzi zuenez entzungor” egitea dela argudiatuta. Sozialisten hitzetan, “lege horrek eragina izatea ordenamendu konstituzionala haustea litzateke”.

PSCren arabera, balizko independentzia adierazpen formal batek diputatuen eskubideak “erabat suntsituko” lituzke; “konstituzionaltasun blokearen eraispen ez-legitimoa Katalunian”.

Forcadellek "Parlamentuaren subiranotasuna" defendatuko du

Kataluniako “Parlamentuaren subiranotasuna” defendatuko duela ziurtatu du Carme Forcadell Ganberako presidenteak, baina osoko bilkura deituko ote duen ez du argitu.

“Diputatuen adierazpen askatasuna eta Parlamentuaren subiranotasuna defendatuko ditugula aurreratu dezaket. Auzitegi batek zertaz bai eta zertaz ez hitz egin dezakegun erabakitzea ezin dugu onartu”, adierazi du presidenteak kazetarien aurrean.

Estatuak Parlamentua ixtera Polizia eta Guardia Zibila bidaltzeko aukeraz galdetu diote kazetariek, baina Forcadellek baztertu egin du: “Inola ere ez. Kataluniako herritarrak demokratikoki diputatuak izendatzen eta kentzen dituztenak dira”.

Ordu batzuk lehenago, Forcadellek Konstituzionalaren erabakiaz ironiaz hitz egin du Twitter sare sozialean: “Deituta ez dauden osoko bilkurak bertan behera uztea, elkarrizketarako eskaintza berria”.

Nahiz eta Konstituzionalak erabaki hori hartu, presidenteak beti “diputatuen adierazpen askatasuna eta ekimenerako eskubidea bermatu eta babestuko” dituela azaldu dute Ganberako iturriek.

Konstituzionalaren “eraginkortasunaz” ironiaz hitz egin du Generalitateak

Bestalde, Konstituzionalaren “eraginkortasunaz” ironiaz hitz egin du Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak, osoko bilkura deitu baino lehen Auzitegiak Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen agerraldia bertan behera utzi ondoren.

“Ez dago deituta. Nik behintzat ez du deialdirik jaso. Zer nolako eraginkortasuna”, esan du Turullek Twitter sare sozialean.

Raul Romeva Atzerri kontseilariak Konstituzionalaren erabakia kritikatu du. Auzitegia politizaturik dagoela salatu du: “Parlamentua biltzea aldez aurretik debekatu du, gai-zerrendan idatzita ez dagoen zerbait gertatuko dela uste duelako”.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena