21:18

Politika

Katalunia

Puigdemontek bitartekaritza onartu, eta 'huts egitea' egotzi dio erregeari

eitb.eus

"Horrela ez; huts egin diezu kataluniar askori", esan dio Generalitateko presidenteak Felipe VI.ari.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea prest agertu da "bitartekaritza prozesu bat" abiatzeko, eta Felipe VI.a Espainiako erregeari "kataluniarrei huts egitea" leporatu dio.

Gaur gauean Generalitateko Palautik eskainitako adierazpen instituzional batean, Puigdemontek adierazi du egungo egoerak "bitartekaritza" behar duela, eta norabide horretan proposamenak jasotzen ari dela.

Nolanahi ere, agintariak gaineratu du Espainiako Gobernuak ez diela baiezkorik eman proposamenei, eta "gatazka" "politikoaren bidez, eta ez poliziekin" konpontzeko deia egin du.

Horren ildotik, Puigdemontek berretsi du bere Gobernuak "ateak zabalik" dituela elkarrizketarako.

Gainera, Kataluniak "bere aurpegi onena" erakusten jarraituko duela erantsi du, eta abarmendu du "erreferendumaren emaitzak hurrengo egunetan" ezarriko dituztela.

Erregeari: "Horrela, ez"

Bestalde, Puigdemontek errefusatu egin du Espainiako erregeak bart egindako adierazpen instituzionala, eta elkarrizketarako deirik egin ez izana egotzi dio. "Horrela, ez. Erabaki horrekin, huts egin diezu estimatzen zaituzten eta erakundearen une zailenetan laguntza eman zizuten kataluniar askori", gaineratu du.

Horren haritik, Felipe VI.aren hitzaldia "gizartearen zati bati baino ez" zuzenduta zegoela, eta Espainiako Gobernuaren politikak bere gain hartu dituela kritikatu du.

"Eta nahita ahaztu ditu haiek bezala pentsatzen ez dituzten milioika kataluniarrak, eta indarkeria polizialaren biktimak izan direnak", esan du.

Azkenik, Konstituzioak erregeari "moderatzaile" zeregina aitortzen diola ekarri du gogora, baina hori bete ez izana deitoratu du.

Erreakzioak

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du Carles Puigdemont “legaz kanpo” jokatzen ari dela eta katalanen gehiengoak “lasaigarritzat” hartu zuela Espainiako erregearen mezua, “hainbeste ziurgabetasun eta kezkaren aurrean”.

Moncloa Jauregian egin duen agerraldian, Santamariak adierazi du “lotsa” eragin diola Puigdemontek erregeari bere betebehar konstituzionalak zeintzuk diren gogoratu izana, “berak bere ardurak zeintzuk diren ahaztu duenean”.

“Legearen kontra egoteaz gain, errealitatetik kanpo dagoela erakutsi du Puigdemontek”, erantsi du.

Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak “zinikotzat” jo du Generalitateko presidentea eta Kataluniako herritarren atzean “ezkutatzea” leporatu dio.

Abalosen iritzian, Puigdemontek ez du “katalan guztien presidente gisa” jarduten eta “Katalunia uniforme batez hitz egiten du, Katalunia anitza dela ukatuz”.

Horrez gain, Kataluniako gizartea “zatitu” egotea eta Espainiak bizi duen egoera “larria” bere ardura dela esan du.

Podemosek, berriz, begi onez hartu du Carles Puigdemont bitartekari batekin lan egiteko prest agertu delako eta elkarrizketaren aukeraz aritu delako. Ildo horretan, Mariano Rajoyri “bunkerretik” ateratzeko deia egin dio.

“Guztion ongizatean pentsatzeko unea da”, adierazi du Podemosek, Rajoyri bitartekari baten bidez elkarrizketa bat abiaraztea onar dezan eskatuta.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagiak legeak ez betetzea eta Kataluniako gizartea zatitu izana egotzi dio Puigdemonti.

Era berean, Generalitateko presidenteak Espainiako erregearen diskurtsoa kritikatu izana salatu du. “Horrela ez. Lege demokratikoen eta gure erakundeen gainetik salto eginda, ez. Katalanak zatituta, ez. Generalitateak bezala pentsatzen ez dugunoi irainduz eta seinalatuz, ez”, adierazi du Arrimadasek.

Iñigo Urkullu lehendakariak positibotzat jo ditu Puigdemonten hitzak, bitartekari baten bidez “elkarrizketarako ate berri bat” ireki duelako. Hortaz, aukera horri heltzeko eskatu du.

“Puigdemontek ez dio ezetzik esan Felipe VI.enari. ‘Horrela ez’ esan dio. Prest agertu da bitartekaritza baten bidez elkarrizketari ate berri bat irekitzeko, eta ez dio aldebakarreko independentzia aldarrikapenari aipurik egin. Beraz, badago aukera bat!”, nabarmendu du lehendakariak bere Facebook orrialdean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena