14:56

Politika

Kataluniako erreferenduma

Urkulluk EBk Katalunian esku hartzea eta bitartekotza egitea eskatu du

Agentziak | Erredakzioa

Lehendakariak gutuna bidali dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari; bertan, adierazi dio arriskuan dagoela Estatuaren eta EBren egonkortasuna.

1:03
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak gutuna bidali dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari, xede izanik eskatzea Europar Batasunak Katalunian esku hartu eta bitartekotza egin dezan; izan ere, "espainiar Estatuaren egonkortasuna arriskuan dago", bai eta EBrena ere, "arazoa egun dauden tentuz hartzeko moduko hainbat errealitate eta egoeratara ere zabal daitekeelako". Hortaz, haren iritziz, zuhurtasuna nagusitu beharko litzateke, "ez baitira nagusitzen ari Estatu-sena , ez eta europar egonkortasunaren helburu handia ere".

Junckerri bidalitako gutunean (Europa Pressek aztertu ahal izan du), Urkulluk hausnarketa egiten du Kataluniako egoeraren gainean; nabarmentzen duenez, "urriaren 1eko erreferendumak, Katalunia ez ezik, Europar Batasunaren Estatu bat ere asaldatu du, bai eta Europar Batasuna bera ere".

Urkulluren iritziz, ikusi da arazoaren tamaina "historikoa" dela, eta zorroztasunez eta ikuspegi politikoa erabiliz heldu behar zaiola; bestela, egoera zailetara eraman lezake EB, "zabaltzeko aukera baitago; gainera, Europar Batasunaren gainean hausnarketa egiten ari garen une baten erdian".

"Nire ardura instituzionaletik, eta apaltasunez (demografiari dagokionez txikia den herri bateko Gobernu baten lehendakaria naiz, baina nazioarteko ikuspegia duela erakutsi du herri horrek historian zehar, Estaturik gabeko nazioa da), saiatu naiz eta saiatzen ari naiz zuhurtasun politiko eta instituzionala nagusitzea, eta itxita dauden elkarrizketa politikorako bideak zabaltzea", nabarmendu du.

Arriskuan, Estatuaren eta EBren egonkortasuna

Halaber, aseguratu du ahaleginean jarraituko duela, "onespenik ezaren hesia nagusitzen bada ere. Hesi hori suntsitu behar dugu; bestela, espainiar Estatuaren egonkortasuna arriskuan dago, eta, ondorioz, Batasunarena ere bai. Europaren krisiaren unerik latzenetan, guztion artean irten ginen Espainiako finantza-krisialditik (Euskadin izan zuena bezalako eraginik ez zuen izan Estatu osoan); izan ere, europar proiektua zegoen jokoan", gehitu du.

Urkulluk dio egungo egoera bestelakoa dela, "baina oso dramatikoa ere bai, egonkortasun politikoari dagokionez, eta, gainera, sentimenduak ere daude tartean".

"Europeista naiz, uste osoz; nire arbasoen historia ordezkatzen dut, eta horiek ere proiektu europazalearen aldeko apustu sendoa egin zuten; erbestean bazeuden ere, apalki, europar proiektu handiaren zati bat izan ziren", azpimarratu du.

Bere kezka "handia" dela berretsi ostean, nabarmendu du EBk desblokeoa bultzatu beharko lukeela, "ikusirik nagusitzen ari den gaitasunik eza": "Espainiako Gobernuko presidenteari eta Estatuko Buruari deitu izan diet, baina horien isiltasuna jaso dut erantzun, edo, behintzat, ez ontzat emango nukeen erantzuna, alegia, errealitate nazional anitzen elkarbizitza ahalbidetuko lukeen erantzuna, haustura soziala saihesteko", adierazi du lehendakariak.

"Zuhurtasuna nagusitu beharko litzateke"

Lehendakariak gogoratu duenez, beti hitz egin du "oso argi erreferendumari buruz; baina hori ez da oztoporik izan Kataluniako ordezkari politikoek akordioak lortzeko lan egiteko eskatu dezaten, irtenbide politikoa lortu nahi baitute".

"Aktibo ibili naiz, eta saiatzen ari naiz oraindik ere. Uste dut zuhurtasuna nagusitu behar dela, eta, une hauetan, baldintzarik gabeko eta akordioa bilatzea xede duen elkarrizketa guztiz beharrezkoa da. Uste dut, niretzat mingarria bada ere, Estatu-sena eta europar egonkortasunaren helburu handia ez direla nagusitzen ari; nire iritziz, ez dago, gainera, aldarrikatu beharko luketenen agenda politikoan".

Testuinguru honetan, uste du "elkarrizketa positibo bat berreskuratzea galarazten duten gaizkiulertuak saihestu behar dira". "Urriaren 1etik, arazoa ez da bakarrik Kataluniarena, baizik eta Estatu batena, Europar Batasunarena, europar egonkortasunerako garrantzitsua", esan du.

Hori dela eta, eskatu du Europar Batasunak esku hartzea, "Estaturik gabeko nazioen arteko elkarbizitza ahalik eta ondoen garatzeko, EBren hastapenekin bat eginez". Junckerren esku jarri da lehendakaria, "apalki".

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena