09:09

Politika

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Trapero, Sanchez eta Cuixart deklaratzera deitu dituzte, sedizioagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Irailaren 20an eta 21ean Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean izandako protestekin lotuta deitu dituzte deklaratzera. Mossoek esan dutenez, 'informazio guztia' helaraziko diote epaileari.

  • Irailaren 20an eta 21ean Bartzelonan izandako protestengatik ikertuko dituzte. EFE.

    Irailaren 20an eta 21ean Bartzelonan izandako protestengatik ikertuko dituzte. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen burua, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Cultura elkarteetako presidenteak, hurrenez hurren, eta Esquadra Mossoetako beste goi-arduradun bat deitu ditu deklaratzera Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak, irailaren 20an eta 21ean Bartzelonan izandako protestetan sedizio delitua egin zutelakoan.

Guardia Zibila Generalitateko hainbat egoitzatan sartu eta Kataluniako Gobernuko 14 goi-kargudun atxilotu ostean, milaka herritar kalera atera ziren irailaren 20an eta 21ean. Ogasun eta Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean ia 48 orduz egon ziren herritarrak protestan, harik eta atxilotuak askatu eta miaketak amaitu arte. Protesta horien atzean sedizio delitua egon zela iritzita, ikerketa zabaltzeko eskatu zion fiskalak, salaketa bidez, Auzitegi Nazionaleko epaileari. Espainiako Zigor Kodearen 544. artikuluaren arabera, sedizioa ordena publikoaren kontrako delitua da.

Epaileak tramitera onartu zuen fiskalak jarritako salaketa, "protesten azken helburua haustura" zela argudiatuta. Ikerketa abiatzeko, protesten egunetan jasotakoaren inguruko txostena eskatu zion Lamela magistratuak Guardia Zibilari. Idatzi horren arabera, Guardia Zibilak hainbat aldiz eskatu zien "laguntza" Esquadra Mossoei.

Besteak beste, Ogasun eta Ekonomia Kontseilaritzaren atarian aparkatuta zituzten "hiru ibilgailuak zaintzeko" eskatu zieten, jendez inguratuta zeudelako. Guardia Zibilaren arabera, ibilgailu horien barruan "arma luzeak" zeudela ohartarazi zieten guardia zibilek mossoei, eta manifestariak barrura sartuz gero, "mehatxua areagotu" zitekeela adierazi zieten. Ikerketaren arabera, protestak zaintzearen ardura zuen mossoen goi-kargudunak ezin zuela ezer egin erantzun zien guardia zibilei.

Katalunia protestak EFE

Argazkia: EFE

Guardia Zibilak fiskalari emandako txostenean jasotzen denez, "orduek aurrera egin ahala, manifestari kopurua handitzen joan zen, eta protesta antolatuta eta koordinatuta zegoen". Miaketak amaitutakoan, agenteek eta justizia alorreko langileek ezin izan zutela eraikinetik atera salatu zuen fiskalak. "Atxikita, euren borondatearen kontra, eraikinaren barruan geratu ziren", idatzi zuen, hitzez hitz, idatzian.

Egun horretan bertan, iluntzean, Sanchezek eta Cuixartek protestari eusteko deia egin zieten herritarrei. Guardia Zibilaren iritzian, protesta koordinatzeko gaitasuna erakutsi zuten, baina ez zuten ezer egin manifestazioa desegiteko eta "mehatxupean zeuden agenteak babesteko".

'Informazio guztia' emango diote epaileari

Zitazioaren berri izan orduko, Esquadra Mossoek esan dute eskura duten "informazio guztia" helaraziko diotela Auzitegi Nazionaleko epaileari, eta agindu judizial guztiak bete dituztela berretsi dute.

Twitter sare sozialean zabaldutako mezuen bidez mossoek jakinarazi dute ostiralean Auzitegi Nazionalera joango direla, eta irailaren 20an abian jarritako polizia-dispositiboari buruzko informazio guztia eramango diotela magistratuari. "Azken egunotan, Fiskaltzaren eta epaileen aginduak goitik behera bete ditugu", esan dute.

"Profesionaltasunez eta legea errespetatuz" lan egiten dutela nabarmendu dute, eta herritarrei eurengan konfiantza izaten jarraitzeko eskatu diete. "Azken hilabeteotan aitortza asko jaso ditugu eta bihotzez eskertzen dizuegu. Orain, normaltasunez lanean jarraitu ahal izatea da jaso dezakegun babesik handiena", adierazi dute Equadra Mossoek beste mezu batean.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak babesa adierazi die deklaratzera deitu dituzten lau pertsonei. Twitter bidez, mossoek egunotan egindako lana eta elkarretaratzeetan herritarrek erakutsitako gizatasuna txalotu ditu Forcadellek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena