20:51

Politika

Kataluniako erreferenduma

Rajoy: 'Errudun bakarrak legea hautsi dutenak izan dira'

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuko presidenteak esan duenez, "gaur ez da autodeterminazio erreferendumik izan Katalunian". Bestalde, PSOEk Zuzenbide Estatua babesten jarraituko duela adierazi du Sanchezek.

2:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Gobernuak Katalunian izandako jokabidea babestu du, eta Parlamentuko indar guztiak deituko dituela iragarri du "elkarrekin hausnartzeko guztiok elkarrekin aurre egin beharko diogun etorkizuna".

Rajoyk agerraldia egin du Moncloako jauregian, deklarazio instituzional batean. "Gaur ez da erreferendumik izan Katalunian", nabarmendu du, eta Diputatuen Kongresuan agerraldia egitea eskatuko duela iragarri du.

Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Katalunian gaur gertatutakoaren erantzuleak eta errudunak "legaltasuna eta bizikidetza urratzea bultzatu dutenak" dira. "Ez bilatu errudun gehiago, ez daude", esan du.

Halaber, "gaurkoan demokrazia nagusitu da, Konstituzioa bete delako", esan du, eta Gobernuak Katalunian izandako jokaera babestu du. "Egin beharrekoa egin dugu, Espainiako Gobernua gara, ni neu naiz presidentea, eta nire erantzukizuna onartzen dut", azaldu du Rajoyk.

Bestalde, epaile, fiskal, Polizia eta Guardia Zibilaren lanak eskertu ditu, "legediaren aurkako eraso larri horren aurrean". "Guztiontzat errazagoa izango litzateke beste alde batera begiratzea", baina demokraziari "leialtasuna" izan diotela esan du.

Mariano Rajoyren iritzian, igande honetan Zuzenbide Estatuak argi erakutsi du "eraso larri horretatik babesteko tresnak badituela".

Horrez gain, Generalitatearen aurka egin du, "legez kanpokoa eta ezinezkoa" den erreferenduma aurrera eramategatik, horrela Zuzenbide Estatuaren aurkako "erasoa" eginez, "ez ezer ez inor" inporta gabe.

PSOEk Zuzenbide Estatua babesten jarraituko du


Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak alderdia Katalunian izandako karga polizialen kontra dagoela adierazi du, eta agindu dituztenei "erantzukizun politikoak" eskatuko dizkiela nabarmendu du.

Hala eta guztiz ere, Sanchezek esan du PSOEk Espainiako Estatua babesten jarraituko duela, Konstituzioaren eta gaur "arriskuan" izan den Espainiaren lurralde osotasunaren defentsan, baita espainiarren arteko bizikidetzaren alde ere, "Gobernu hau izan arren". "Egoerak eskatzen duena egiteko unea da", esan du Ferrazen alderdiak duen egoitzan. Ez du galderarik egitea onartu.

PSOEko buruak Espainiak eta Kataluniak munduan indarkeriaren "irudi tristea" eman izana leporatu die Generalitateari eta Rajoyren Gobernuari; "bi politiken porrotaren kronika", "haustura independentista" eta Espainiako Gobernuaren "immobilismoa" dira irudi horren errudun, horren ustez.

Pedro Sanchezen hitzetan, lehenengo erantzulea, eta garrantsitsuena, Kataluniako Gobernua da, "desobedientzia" bultzatu duelako, erakundeei "men ez egitea" eskatuta "segurtasunik gabeko egoerak" sortu dituelako politika kaleetara eramanda, eta Kataluniako gizartean banaketa sakona eraginez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena