12:21

Politika

Kataluniako erreferenduma

844 zauritu, bi larri, karga polizialengatik, Generalitatearen arabera

Agentziak | Erredakzioa

Larri dauden pertsonetako batek Polizia Nazionalaren gomazko pilota baten kolpea jaso du begian, eta besteak bihotzekoa izan du hauteslekua hustera joan direnean.

1:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Generalitatearen arabera, 844 pertsona zauritu dira Gobernuak Kataluniako erreferenduma ekiditeko bidali dituen agenteek egindako karga polizialetan. Horietako bi larri daude, Bartzelonako bi ospitaletan.

Generalitateko Osasun Departamentuak jakitera eman duenez, 761 pertsona horiek Larrialdi Zerbitzuetan, arreta jarraituko zentroetan eta ospitaleetan artatu dituzte. Bi zauritu larrienak Sant Pau eta Vall d'Hebron ospitaletan daude, Bartzelonan.

Bestalde, Jordi Turull Kataluniako Gobernuko Presidentetzako kontseilari eta bozeramaileak gaitzetsi egin du Estatuko segurtasun indarrek hauteslekuetara joan diren pertsonen aurka erabili duten "polizia indarkeria".

Turullek prentsaurrekoa eman du Bartzelonako International Press and Broadcasting Center-en, Raul Romeva Kanpo Arazoetako buruarekin batera, gertatutakoaren berri emateko.

"Hau guztiz larria eta sinestezina da", esan du Turullek. Horren ustez, "Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren jardunak ez die erantzuten proportzionaltasun irizpideei, ’a por ellos’ oihuari baizik".

Zaurituei "elkartasuna" agertzeaz gain, osasun zentroetara joateko aholkatu die, egiaztagiria lortu eta Esquadra Mossoen aurrean salaketa jartzeko.

Bestalde, manifestariek eta hauteslekuak zaintzen zituztenek salatu dutenez, Espainiako poliziek kargak egin dituzte hiriko zentroetan eta bozkatzeko beste toki batzuetan, eta gomazko pilotak jaurti dituzte.

Bi zauritu larri

Gizon batek (70 urte ditu) bihotzekoa izan du Lleidan, segurtasun indarrak La Mariola eskola (erreferendumerako hauteslekua urriaren 1ean) hustera joan direnean.

Larrialdi Zerbitzuetako iturrien esanetan, sorosleak bertaratu dira eta "berehala" suspertu dute. Ondoren, baina, Vall d'Hebron ospitalera eraman dute, helikopteroz, egoera kritikoan.

Larri zaurituta daudenen artean, begian pilotakada bat jaso duen gizon bat ere badago; istiluen aurkako agenteek jaurti duten gomazko pilota batek jo du. Bartzelonako Sant Pau Ospitalera eraman dute anbulantzian, ebakuntza egitera, aurpegia odoleztatuta zuela.

Bartzelonako Ramon Llull eskola inguruan zauritu dute. Hautetsontziak eramatera joan dira, eta, alde egiten ari zirenean, gomazko pilotak jaurti dizkiete bertan protestan ari ziren herritarrei. Horrela zauritu dute.

10:30 aldera ere izan da tentsiorik, agenteek gomazko pilotak jaurti baitituzte, segurtasun lerroari eutsi eta furgonetei bidea irekitzeko.

Bertan zeuden pertsonetako batzuek Poliziak jaurtitako gomazko pilotak erakutsi dituzte sare sozialetan. 2014ko apirilaren 30ean Kataluniako Parlamentuak Esquadra Mossoei eta Udaltzaingoei debekatu zizkionetik, lehen aldiz erabili dituzte gomazko pilotak Katalunian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena