Politika
Kataluniako erreferenduma
Agentziak | Erredakzioa
Erresistentzia pasiboaren aurrean, pertsonak kanpoaldera laguntzera mugatuko dira. Soilik hirugarren baten edo poliziaren kontrako erasorik bada erabiliko dute indarra.
Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagia. Artxiboko argazkia: EFE
Albisteak (8)
Urriaren 1eko goizeko 06:00ak baino lehen hauteslekuak ixteko eta hautestontziak eta boto-paperak konfiskatzeko agindua eman die Josep Lluis Trapero buruzagiak Esquadra Mossoei, betiere indarkeria erabili gabe.
2.300 bozkaleku inguru daude eta horietara guztietara patruilak bidaliko dituzte, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako agindua bete eta erreferenduma galarazteko.
Hauteslekuetan dauden pertsonak identifikatu egingo dituzte eta urriaren 1eko 06:00ak baino lehen handik alde egin behar dutela jakinaraziko diete. Lokalak ixtea ezinezkoa den kasuetan (hautesleku asko anbulatorioetan eta zaharren egoitzetan jarri dituzte), erreferenduma prestatzeari utzi behar diotela ohartaraziko diete.
Hauteslekuaren barruan edo eraikinaren kanpoaldean manifestariak baldin badaude eta mossoak sartzea galarazten badute, urriaren 1eko polizia dispositiboa koordinatzeko zuzendaritzarekin jarriko dira harremanetan eta zuzendaritza horrek erabakiko du agente gehiago bidali edo ez eta Udaltzaingoari laguntza eskatu ala ez.
Hauteslekuak irekita badaude
Hauteslekuak irekita dauden kasuetan, mossoak sarreran jarriko dira, inor sartzea saihesteko. Ordurako jendea barruan badago, guztiak identifikatu egingo dituzte, lokala hustu eta materiala eraman aurretik.
Lokala ixtea ezinezkoa bada zerbitzu publikoak eskaintzen direlako bertan, erreferendumaren antolakuntzan ari diren lagunei jarduera hori bertan behera uzteko aginduko diete.
Hauteslekuaren kanpoaldean bilkura bat egonez gero eta Poliziak bertara sartzerik edo lokala ixterik ez badu, urriaren 1eko polizia dispositiboa koordinatzeko zuzendaritzak erabakiko du istiluen kontrako poliziak bidali edo ez.
Hala gertatuz gero, hauteslekuan jende gehiago ez sartzea izango da mossoen eginkizuna, eta korridore bat egingo dute, barruan daudenak nahi dutenean handik atera daitezen.
Indarkeria ez erabiltzeko agindua
Traperok indarkeriarik ez erabiltzeko eta proportzionaltasunez jokatzeko agindua eman die mossoei, helburua "bake soziala eta bizikidetza" bermatzea dela azpimarratuta.
Erresistentzia pasiboaren aurrean, "indarraren erabilerak ezin izango du gainditu pertsonak hauteslekuen kanpoaldera laguntzea edo poliziari agindu judizialak bete ahal izateko bidea irekiko dion korridorea irekitzea", dio barne-oharrak.
"Ez da borrarik edo antzeko elementurik erabiliko", erantsi du.
"Kasu guztietan, indarra erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioak kontuan hartu behar dira; izan ere, "ekidin nahi dena baino kalte handiagoa eragitea saihestuz; bereziki, jendearen artean adin txikikoak, adinekoak edo bestelako talde zurgarriak baldin badaude", nabarmendu du.
Salbuespen bakarra ondokoa izango da: "Indarra ez erabiltzeko agindua bertan behera geldituko da soilik hirugarren baten kontrako edo poliziaren aurkako erasorik baldin bada".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa