11:36

Politika

Kataluniako erreferenduma

Polizien aurkako 'erasoak' eragozteko neurri legalak hartuko ditu Espainiak

Agentziak | Erredakzioa

Fiskaltzak hauteslekuak zigilatzeko Mossoei emandako agindua kritikatu dute polizia autonomikoaren zuzendariak eta Kataluniako Barne kontseilariak.

  • Guardia Zibila Katalunian. EFE

    Guardia Zibila Katalunia, Generalitatearen kontrako operazioa egin zutenean. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniara bidalitako guardia zibil eta polizia agenteak "behar beste denbora" geratuko direla azpimarratu du gaur Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, eta ohartarazpena ere egin du, Ministerioak ez ditu agente horien kontrako "erasoak" onartuko, eta horiek eragozteko "neurri legalak" iragarri ditu.

Rajoyren gobernuaren kontrolerako saioan EAJk, Podemosek eta Ciudadanosek egindako galderei erantzunez egin ditu adierazpenok Zoidok. Lehenengo biek "esku hartzea" kritikatu dute, eta hirugarrenak agenteek jasan dituzten "erasoez" galdetu dio.

Zoidoren esanetan, Kataluniara bidalitako agenteek "Mossoei laguntzeko" zeregina dute, Fiskaltzak hala aginduta. "Ez da salbuespenezko neurria, ezta Konstituzioaren kontrakoa ere", erantzun du ministroak Mikel Legarda EAJko diputatuak esandakoa ukatuz. "Ez nator zurekin bat eta harro nago horregatik. Ez da Konstituzioaren kontrakoa", azpimarratu du.

Nabarmendu duenez, "behar beste denbora" geratuko dira agenteok Katalunian, "legea betetzen dela, eskubideak errespetatzen eta askatasunak bermatzen direla egiaztatu arte".

JUAN IGNACIO ZOIDO MINISTRO INTERIOR CONGRESO EFE

Zoido, Kongresuan egindako agerraldietako batean. EFE

"Onartezina da agenteen ibilgailuei eraso egitea, euren mugimenduen berri emateko eskatzea, eta zerbitzari publikoak direnak etsaitzat hartzea", esan du Zoidok. Hala, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren "duintasun eta askatasunaren kontrako erasoak" eragozteko "neurri legalak" iragarri ditu.

Fiskaltzaren agindua kritikatu dute Mossoek eta Generalitateak

Bien bitartean, Fiskaltzak Esquadra Mossoei atzo emandako aginduak zer esana ematen jarraitzen du. Zuzenean aipatu ez badu ere, neurria zalantzan jarri du Pere Soler Mossoen zuzendariak. Nabarmendu duenez, "Mossoen, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren misio nagusia eskubideak bermatzea da, ez horien gauzatzea eragoztea".

 

 

Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilaria ere neurriarekin kritiko agertu da. Horren ustez, agindua "aberrazio bat da".

Rac1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Generalitateak Kataluniako Segurtasun Batzordearen bilera deitzekotan dago (Puigdemontek eguerdi aldera egin du deialdia, biharko), erakunde hori baita "Kataluniako segurtasun indarren koordinatzailea".

Izan ere, Fiskaltzaren agindua "akats itzela" da, Fornen aburuz. "Generalitatea oso arduratuta dago Fiskaltzak hartu duen jarrerarekin, zentzu onaren eta legezkotasunaren kontra joan da eta", adierazi du.

Kataluniara guardia zibil eta polizia gehiago bidaltzea ere salatu du Fornek. Neurriak istiluei bide eman ahal diela uste du, "urriaren 1ean baketsua ez den erreakzio bat egon dadin". Horren aurrean, "protesta modu zibikoan" egiteko eta "probokazioan ez jausteko" deia egin die herritarrei.

Bestalde, polizia indar guztien koordinazioa Diego Perez de los Cobos koronelaren esku ixtearen erabakia berretsi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, Generalitateak aurkeztutako helegitea baztertuta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena