Politika
KATALUNIAKO ERREFERENDUMA
Agentziak | Erredakzioa
Josep Maria Jovek eta Generalitateko bost kargudunek astean behin joan beharko dute epaitegietara, sinatzera.
Albisteak (3)
Juan Antonio Ramirez Bartzelonako 13. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak aske utzi ditu atxilotuta jarraitzen zuten sei atxilotuak. Tartean dira Josep Maria Jove gaur arte Generalitateko Ekonomia idazkari eta Junquerasen 'bigarrena' zena eta Lluis Salvado Ogasun idazkaria.
Iturri judizialek jakinarazi dutenez, seiak behin-behinean geratu dira aske, desobedientzia, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazio delituak egotzita. Astean behin joan beharko dute epaitegira, sinatzera.
Gainera, erreferendumarekin "modu zuzenean edo zeharka lotuta egon daitekeen edozein ekintza" saihets dezatela agindu die, "desobedientzia delitua" izan daitekeela ohartarazita.
Atxilotutakoek deklaratzeari uko egin diote.
Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde eta Ekonomia kontseilaria Kataluniako Justizia Hirira hurbildu da goizean, atxilotuei babesa emateko.
Guztira, Generalitateko 14 goi-kargudun atxilotu zituen Guardia Zibilak asteazkenean. Bost atzo utzi zituzten aske, eta beste hiru, asteazkenean bertan.
Kargudunek eskatutako habeas corpusak atzera bota zituen epaileak, horren ustez, atxiloketak legezkoak izan zirelako.
Azken atxilotuak, aske geratu eta gero. Argazkiak: Aritz Agirre | Euskadi Irratia
Protestak Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean
Atzo egin zuten moduan, gaur ere ehunka herritar bildu dira Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean (Lluis Companys pasealekua, Bartzelona), operazioaren kontra protesta egiteko eta atxilotuak aske uztea eskatzeko atzo abiatutako "mobilizazio iraunkorrean".
Rajoyren "mehatxuen aurrean" erreferenduma antolatzeko inoiz baino "arrazoi gehiago" daudela esan du Turullek, eta Espainiako Gobernua "berme guztiekin amaitzen" ari dela ohartarazi du.
"Kalte larriagoak saihesteko" Rajoyk galdeketa bertan behera uzteko eskatu ostean, U-1ean erreferenduma egin eta bozka emateko katalanek "inoiz baino gogo gehiago" dutela ziurtatu du Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilari eta bozeramaileak.
"Rajoyk Kataluniako Gobernuari amore emateko eskatu dion arren, ez dugu gure asmoa bertan behera uzteko inolako arrazoirik. Egunero bozkatzeko gogo gehiago dugu", nabarmendu du Turullek.
Hori dela eta, urriaren 1a "demokraziaren aldeko uholde bat" bihur dadin parte hartzeko deia egin die herritar guztiei. Hala, "demokraziaren oinarriak eta herritarrek dituzten oinarrizko eskubideak" defendatzeko deia egin du.
200 bat pertsonak igaro dute gaua bertan, kanpadendetan eta belarretan, lo-zakuetan. Jai eta aldarrikapen giroa izan da nagusi:
Kataluniako Asanblea Nazionalak eta Omnium Culturalak deitu dute mobilizazioa. Ohartarazi dutenez, atxilotu guztiak aske utzi arte egongo dira han.
Bartzelonako eta Kataluniako hainbat puntutan bezala, Auzitegiaren aurrean bildutakoek ere lapiko jotzeak egin dituzte bart.
/p>
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa