Politika
U-1aren kontrako operazioa
Agentziak | Erredakzioa
Hamarnaka mila lagun atera dira kalera Katalunian, Guardia Zibilaren operazioa salatzeko. Euskal Herrian eta Madrilen ere izan dira bilkurak.
Kataluniako erreferendumaren harira Guardia Zibilak egindako atxiloketak eta miaketak salatzeko, 40.000 pertsona inguru bil dira Bartzelona erdigunean, Generalitatearen Ekonomia eta Ogasun kontseilaritzaren egoitzaren parean, Udaltzaingoak emandako datuen arabera.
Goizean goizetik hasi da jendea Kale Nagusian eta Ranblan biltzen. Guardia Zibila 08:00ak aldera hasi da Ekonomia kontseilaritza miatzen eta une horretatik aurrera hasi da manifestariak bertaratzen. Egun osoa eman dute han.
Udaltzaingoak kale batzuk itxi egin behar izan ditu eta zirkulazio arazoak izan dira.
Tarragonan, Lleidan eta Gironan ere izan dira mobilizazio jendetsuak, eta Kataluniako herri guztietan izan dira elkarretaratzeak iluntzean.
Bestalde, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko buruzagiak datorren iganderako elkarretaratzeak deitu dituzte Kataluniako udaletxeen aurrean.
"Demokraziaren defentsan" goiburupean egingo dituzte bilkurak, 11:00etan.
"Gerra deklaratu digute, baina gure erantzuna bakea eta demokrazia besarkatzea izango da", azpimarratu du Sanchezek. Ildo horretan, herritarrei mobilizatzeko eskatu die, baina lasaitasunez eta probokazioetan erori gabe.
(Bartzelona erdigunean 40.000 lagun bildu dira. Argazkia: EFE)
Bilkurak Euskal Herrian
Euskal Herriko hiriburuetan eta herrietan ere izan dira mobilizazioak, Kataluniako erreferendumaren aurkako polizia-operazioa salatzeko.
Elkarretaratzeak EH Bilduk deitu ditu, eta hainbat atxikimendu izan ditu, hala nola, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiena edota ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuena.
Donostian, ehun bat pertsona elkartu dira Justizia Jauregiaren aurrean eta ondoren Intxaurrondo auzora joan dira manifestazioan. 'Kataluniarekin, demokraziarekin. Erreferenduma=Demokrazia', lelopean egin dute mobilizazioa.
Intxaurrondon, ekitaldi bat egin dute, AsCATasunera plataformak deituta. Hadar Ayxandri ANCko idazkariak eta Peio Urizar EH Bilduko buruzagiak hartu dute parte bertan.
Bilbon, 500 lagun inguru bildu dira udaletxearen parean egindako elkarretaratzean. Herritarren, desobedientziaren eta demokraziaren aldeko leloak erakutsi dituzte, ikurrina eta Kataluniako bandera independentista artean.
"Gu ere Katalunia gara", "Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu" eta "Demokrazia eta independentzia" bezalako leloak oihukatu dituzte, besteak beste.
Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plazan egin dute bilkura eta alderdi politiko eta sindikatu ezberdinetako kideak izan dira, baita beste talde eta elkarte batzuetako ordezkariak ere.
Iruñean mobilizazio jendetsua egin dute. 500 pertsona inguru izan dira udaletxe parean egindako elkarretaratzean.
"Erreferenduma demokrazia da" lelodun kartelak erakutsi dituzte manifestariek. Tartean izan dira EH Bilduko eta Ahal Duguko parlamentariak.
(Iruñean egindako bilkura. Argazkia: EFE)
Erabakitzeko eskubidearen alde Madrilen
Madrilen ere egin dute bilkura bat Kataluniako polizia-operazioa salatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Mobilizazioa Unidos Podemos, PDeCAT, ERC eta EAJ alderdiek eta plataforma ezberdinek babestu dute.
Puerta del Sol plazan ehunka lagun batu dira, "madrildarrak erabakitzeko eskubidearen alde" lelopean. Demokraziaren eta askatasunaren aldeko oihuak izan dira.
Elkarretaratzea ez zegoen baimenduta eta Poliziak hainbat manifestari identifikatu ditu.
Aipatzekoa da parean ultraeskuindar talde batek beste mobilizazio bat egin dutela. "Gora Espainia" oihuak eginez erantzun diete erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenei.
(Madrilen egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE)
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa