Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Alderdian "ordena" berrezarri eta "erradikalen aurrean ez arrastatzeko" eskatu dio Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak lehendakariari.
Alfonso Alonso, Euskadiko PPren presidentea. Argazkia: EiTB
Urriaren 1ean Katalunian egitekoa den erreferendumari EAJk babesa eman izana "kezkagarritzat" hartu du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak igande honetan. Ildo horretatik, alderdiaren barruan "ordena" berrezartzeko eta "erradikalen aurrean ez arrastatzeko" eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Halaber, galdeketa babestu eta "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatzeko Gure Esku Dago plataformak larunbatean Bizkaiko hiriburuan egindako "ikuskizun kezkagarria" deitoratu du Alonsok. 'Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko' lelopean, milaka lagun bildu ziren Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazio horretan.
Euskadiko Alderdi Popularraren buruak gogora ekarri duenez, erreferenduma egiteko "ez dagoela beharrezko bermerik aitortu zuen" Urkulluk joan den astean. Hala dela benetan uste badu, independentistetatik urrundu, demokraziaren alde jarri eta bere alderdia atontzeko eskatu dio Alonsok.
Bilboko manifestazioan jeltzaleen ordezkaritza zabala ikusi izana "kezkagarritzat" hartu du Euskadiko PPren presidenteak. Besteak beste, Euskadiko hiru ahaldun nagusiak (Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano) egon ziren erreferendumaren aldeko martxa horretan. Bertan izan zirenei "demokraziaren kontrako pankarta baten atzean" jarri izana leporatu die, eta haien presentziarekin "Katalunia arauditik kanpo jarri eta inolako bermerik ez duen prozesu subiranista bati legitimitatea" eman ziotela kritikatu du.
"Ahalegin handia egin behar dugu Euskadi prozesu horrekin kutsatu ez dadin, elkarbizitzari begira mehatxu bat baita", ohartarazi du Alonsok. Era berean, Kataluniak gaur egun bizi duen egoera politikoak "haustura eta porrota" ekar ditzakeela esan du, eta "Euskadin aspaldi zeharkatutako bidea" dela gaineratu du.
Hala, Euskadiko Alderdi Popularreko buruak "erantzukizunez" jokatzeko deia luzatu die jeltzaleei, eta hiru diputatuek atzoko manifestazioan parte hartu izana gogor kritikatu du. Bere aburuz, Rementeria, Gonzalez eta Olano "herritarrei men egin behar dieten erakundeetako ordezkariak dira", eta "independentisten aurrean arrastatzen uztea" aurpegiratu die.
Euskadiko PPren buruaren arabera, Katalunian gertatzen ari dena ez da soilik independentziarekin lotutako gauza bat, baizik eta "araudia alde batera utzi eta hausturaren alde agertzen direnak edo legeak errespetatu eta elkarbizitzaren alde lan egiten dutenekin zerikusia duen gaia da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa