11:25

Politika

Erreferenduma Katalunian

Puigdemontek, Rajoyri: 'Ez gutxietsi Kataluniako herritarrek duten indarra'

Agentziak | Erredakzioa

Fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko duten 712 alkateri harrera egin diete larunbat honetan Kataluniako presidenteak eta Bartzelonako alkateak.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urriaren 1eko erreferendumari babesa emateagatik Kataluniako Fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko duten 712 alkateri harrera egin diete larunbat goiz honetan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Ada Colau Bartzelonako alkateak. Hala, Generalitateari lokalak uzteko dekretua sinatu zuten alkateei babesa emateko ekitaldia egin dute gaur Sant Jaume plazan.

Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) eta Kataluniako Udalen Elkarteak (ACM) deitu dute ekitaldia, urriaren 1eko galdeketari babesa eman dioten "alkateek jasandako pertsekuzio judiziala" salatzeko asmoz, bi elkarte horiek ohar baten bidez jakitera eman dutenez.

11:00etan, independentziari buruzko galdeketa babesten duten alkateei harrera egin die Colauk, Bartzelonako udaletxearen aurrean. Jarraian, Puigdemont haiekin elkartu da, eta Sant Jaume plazatik Generalitateko Palaura joan dira.

Katalanek bozkatu egingo dutela ohartarazi die Kataluniako presidenteak Espainiako Gobernuari eta gainontzeko alderdi politikoei: "Ez dezatela gutxietsi Kataluniako herritarrek duten indarra".

"Ez dezatela gutxietsi portaera antidemokratiko baten aurrean planto egitea erabaki duen herri baten indarra", ohartarazi du Puigdemontek Generalitateko Palauean auzipetutako ehunka alkateei egindako harreran.

Testuinguru horretan, Mariano Rajoy bezalako pertsona batzuek "mehatxu" egiten dietela salatu du, eta beste batzuk "agerian dagoena ukatzen" jarraitzen dutela esan du, PSOEri aipamen eginez.

Hala, katalanek urriaren 1eko erreferendumean bozkatu egingo dutela ziurtatu du, "ez bakarrik galdeketa egiteko eskubidea dugulako eta legezkoa delako, baizik eta Kataluniako herritarrei bozkatu nahi dutela entzun dielako. Bozkatu egingo dugu, bai horixe!", esan du Puigdemontek.

Kataluniako alkateei babesa adierazteko elkarretaratzea. Argazkia: EFE

Kataluniako alkateei babesa adierazteko elkarretaratzea. Argazkia: EFE

Bartzelonako alkateak "elkartasuna" adierazi die auzipetutako alkateei eta katalanen % 80ak Kataluniako etorkizun politikoari buruz erreferendum batean erabaki nahi duela berretsi du.

Colauren esanetan, "lotsagarria" da Espainiako Gobernuak Kataluniarekiko erakutsi duen jarrera, "katalanei entzuteko gaitasun eza" erakusteaz gain, orain arte ez duelako erantzun politikorik eman eta ez delako hitz egiteko prest agertu. Ildo horretatik, PPren Gobernuak alkateak eta hedabideak jarraitu eta galdeketaren alde agertu direnei mehatxu egin izana deitoratu du.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, honakoa "demokrazian inoiz ikusitako egoera" dela nabarmendu du Bartzelonako alkateak; urriaren 1eko galdeketari babesa eman dioten agintariak "ikaratuak" eta "jarraituak" izan baitira, Fiskaltzak "kartelak kentzea agindu" baitu eta "elkarrizketarako gai ez den Estatuak inprentak jarraitu" baititu.

"Gaiak ez du zerikusirik independentzia 'bai' edo 'ez' erabakitzearekin; gure eskubideekin eta askatasunekin lotuta dago", esan du Colauk. Ildo horretatik, "desberdintasunak" alde batera utzita "herri bakar bar bezala" defendatu egingo dituztela azpimarratu du.

"Ez zaudetela bakarrik esateko bildu gara hemen, gaurkoan guztiok gara Kataluniako alkateak", nabarmendu du Bartzelonako alkateak.

Kataluniako alkateei babesa adierazteko elkarretaratzea. Argazkia: EFE

Beste alde batetik, "adierazpen askatasuna eta bilera egiteko oinarrizko eskubideen" gaineko galdeketa bat izango dela ziurtatu du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak.

Ildo horretatik, jokoan dagona "demokrazia" dela esatera dei egin die Junquerasek alkateei, eta adierazpen edo biltzeko eskubideak defendatzeko modurik onena horiek praktikan jartzea dela esan du.

Kataluniako agintariak eta auzipetutako alkateak Generalitateko Palaura iritsi direnean elkarretaratzea egin dute. Bertan izan dira Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea, Kataluniako Gobernuko kide guztiak, Neus Lloveras AMI elkarteko presidentea eta Miquel Buch ACMko presidentea (azken bi horiek ere auzipetuta).

Ekitaldi horretan Lloveras eta Buch udalerrietako ordezkariak izango dira. Puigdemontek emango duen hitzaldiarekin amaituko da ekitaldia.

Mollerussa eta Cerverako alkateak deitu ditu Fiskaltzak

Marc Solsona (PDeCAT) Mollerussa udalerriko (Lleida) alkateak irailaren 19an deklaratu beharko du Kataluniako Fiskaltzaren aurrean, independentziari buruzko galdeketari babesa emateko dekretua sinatu ostean auzipetu baitute.

Halaber, Ramon Royes (PDeCAT) Cerverako (Lleida) alkateak irailaren 20an deklaratu beharko du. "Fiskaltzak deklaratzera deitu nau jada. Demokrazia babesteagatik. Irabazi dugu! Ez dute haien helburua lortuko. Mundua ikusten ari da. Atzerapausorik ez", esan du Royesek.

Halaber, Marta Madrenas Gironako alkatea ere deklaratzera deitu du Fiskaltzak, kasu horretan, datorren asteazkenerako (hilak 20). Madrenasek berak horrela jakinarazi du Twitterren bidez: "gaur goizean demokrazia eta askatasuna defendatu dugu Bartzelonan. Gironako Udalera heldu berria naiz eta hauxe da Estatuaren erantzuna".

Puigdemont

Bestalde, Espainiako Gobernuak debekatu nahi duen erreferendumaren webgunera sartzeko argibideak zabaldu ditu larunbat honetan txio baten bidez Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak:

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena