21:05

Politika

Kataluniako erreferenduma

Rajoy Kataluniari buruz: 'Egin nahi ez duguna egitera bultzatuko gaituzte'

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du urriaren 1ean ez dela erreferendumik izango Katalunian.

0:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy Bartzelonan izan da arratsalde honetan eta Kataluniako agintariei mezu zuzena igorri die: "Egin nahi ez duguna egitera bultzatuko gaituzue".

Kataluniako Alderdi Popularraren zuzendaritzaren bileran hartu du parte Rajoyk. Soberanistek ematen duten urrats bakoitzeko, Estatuak erantzun egingo duela eta urriaren 1ean erreferendumik izango ez dela agindu du.

"Erreferendumari zenbat eta beranduago uko egin, gero eta okerragoa izango da kataluniarrentzat eta espainiarrentzat. Ez gutxietsi Espainiako demokraziaren indarra. Espainiako demokrazia oso indartsua da. Espainia nazio handia da. Legea ezin da edonola kitatu", azpimarratu du.

"Oker zabiltzate eta egin nahi ez duguna egitera bultzatuko gaituzue", esanez zuzendu zaie Rajoy Kataluniako indar soberanistei.

Horren erakusgarri jarri du Auzitegi Konstituzionalak erreferendum legea eta iragankortasun juridikorako legea baliogabetu izana.

Era berean, Ministroen Kontseiluak gaur hartutako bi neurriak nabarmendu ditu, biak ala biak Generalitateak erreferenduma antolatzea saihesteko.

Alde batetik, bere gastuen txostena igortzeko eskatu dio Generalitateari, erreferenduma antolatzeko diru publikorik erabiltzen ari ez dela egiaztatzeko; eta bestetik, 48 orduren buruan, bere kontuen kontrola Espainiako Gobernuaren esku egongo dela jakinarazi du.

"Estatuak herritarrak, legea eta zerbitzu publikoak defendatzen jarraituko du, hori baita gure betebeharra", erantsi du.

Testuinguru horretan kokatu du Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferendumaren deialdiarekin Generalitateak argitaratutako 100.000 kartel konfiskatu izana.

Mariano Rajoyz gain, PPko hainbat kide izan dira Bartzelonako bileran, hala nola, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruzagia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena