22:13

Politika

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Kataluniak hasiera eman dio erreferendumaren kanpainari

agentziak | erredakzioa

Lepo zegoen Tarragonako Tarraco Arenan, Estatuak erreferenduma geldiarazteko egin dituen saiakera guztiak zerrendatu ditu Puigdemontek, baina berriro esan du: “Bozkatu egingo dugu, bai horixe!”.

2:02
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako alderdi independentistek erreferendumerako kanpainaren lehenengo ekitaldia egin dute Tarragonako Tarraco Arenan, eta independentzia aurrera egitea dela eta autonomismoa "beti bezala geratzea" dela aldarrikatu dute.

Marta Rovira ERCkoak lepo zegoen zezen plazan esan du independentistek mezua dutela Espainiako Gobernuarentzat eta erreferenduma gelditu nahi duten erakunde judizialentzat: "Oso argi dugu Kataluniako errepublika lortzeko bidea".

PDeCATek, berriz, Estatutik iristen diren oharrei beldurrik ez izateko eskatu die herritarrei, eta Generalitatea jarri du eredu gisa, bozketa geldiarazteko eskaerei entzungor egin dielako: "Mehatxuak mehatxu, ez dugu beldurrik. Gobernu ausarta dugu".

Marta Pascal PDeCATen buru eta parlamentariak esan du independentziak bizi baldintza hobeak eramango dituela Kataluniara, eta ez dela iraultzaileen kontua, jende normalarena baizik.

Puigdemont: “Bozkatu egingo dugu, bai horixe!”

Bestalde, Estatuak erreferenduma geldiarazteko egin dituen saiakera guztiak zerrendatu ditu Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, eta urriaren 1eko bozketa eragozteko nahikoak izango ez direla azpimarratu du: “Bozkatu egingo dugu, bai horixe!”.

Balizko estatu kataluniar batean “ez dituzte ekitaldiak debekatuko, ez dituzte hautetsontziak eta boto-txartelak jazarriko, ez dituzte alkateak mehatxatuko, ez dituzte komunikabideak zentsuratuko: Katalunian ez dugu hori egingo”, azpimarratu du Puigdemontek.

PUIGDEMONT EFE

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, Tarragonako Tarraco Arenan. Argazkia: EFE

Kanpaina abiatzeko ekitaldia delitua zela ohartarazi du Gobernu zentralak, eta Puigdemontek ironiaz hitz egin du: “Ekitaldi hau ez genuela egingo esan zuten, eta, egiteaz gain, kanpoan sartu ezinik geratu den jendearekin bi aldiz egin ahal izango genuke. Edo hiru, edo behar beste aldiz”.

Benetan uste al du norbaitek urriaren 1ean ez dugula bozkatuko? Nolako herria garela uste dute? Kataluniarrak nolako jendea garela uste dute?”, esan du. Erreferenduma jadanik AEBko Estatu Departamentuaren eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen agendan dagoen gaia dela esan du Puigdemontek.

Generalitateko presidenteak bertan bildutako herritarrekin hitz egin du, eta galdera bat egin die: “Urriaren 1ean, zer gertatuko da?”. “Bozkatu egingo dugu!”, erantzun diote. Ekitaldian bildutako milaka lagunek txalo egin dute orduan.

JUNQUERAS EFE

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, Tarragonako Tarraco Arenan. Argazkia: EFE

Junqueras: Estatuaren “mehatxuen aurrean irmo erantzun” behar da

Estatuak erreferenduma eragozteko egindako “mehatxuen aurrean irmo erantzun” behar dela adierazi du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak. Independentismoa urriaren 1era “uste baino askoz indartsuago” helduko dela nabarmendu du.

Junquerasen hitzetan, independentzia “gure kaleetan, erakundeetan, Gobernuan eta Parlamentuan, herri eta hirietan eraikitzen da; guztiak batera, herri honen alde”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena