20:06

Politika

Diada 2017

Bartzelona, jendez gainezka erreferendumaren alde

Agentziak | Erredakzioa

Jordi Sanchez ANC elkarteko presidenteak ondokoa adierazi du mobilizazioaren arrakastaz: “Herritarrek bozkatu egin nahi dute eta bozkatu egingo dute”.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jendetza espero zen Kataluniako Diadan, eta hala izan da. Ehunka mila lagunek Gracia pasealekua eta Aragoi kalea bete dituzte, urriaren 1eko erreferendumaren alde. "Bozkatu egingo dugu", azpimarratu dute herritarrek.

Mobilizazio handia ANC elkarteak antolatu du, Omnium eta AMI taldeekin elkarlanean. Bartzelonako Udaltzaingoak emandako datuen arabera, "milioi bat manifestari inguru" izan dira.

Jordi Sanchez ANCko presidenteak parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du: "Gure kaleak txiki geratu dira berriro". "Honek argi erakusten du herritarrek bozkatu egin nahi dutela eta urriaren 1ean bozkatu egingo dute", nabarmendu du.

"Etxean giltzapetuta nahi gaituztenoi demokrazia klaseak eman dizkiegu gaur berriro, kaleak irabazi ditugulako berriro, mehatxuei eta beldurrari aurre eginda, eta hori da herrialde gisa irabazle bihurtuko gaituena, epaileen, fiskalen eta guardia zibilen gainetik", azaldu du.

ANCko presidentearen esanetan, deskonexio legeekin sortutako "legeria berria" da "aitortzen dugun bakarra". "Argi eta garbi esan nahi dugu: Auzitegi Konstituzionalaren edota Estatuaren beste edozein erakunderen erabakiak ez dira lotesleak guretzat; gure Parlamentuarenak dira halabeharrez betetzekoak, eta gure Gobernuari obedituko diogu", erantsi du.

"Bartzelonako kaleak bete dituzten ehunka mila herritarrek zilegitasuna lortu dute prozesuarekin jarraitzeko, euren nazioaren batasuna nahi duten legeen aurrean", adierazi du.

Era berean, ANCko buruak azpimarratu du demokrazia "hauteslekuen alde" egon izan dela beti, "ez hauteskundeak galarazi nahi dituztenen alde". Horren haritik, "demokraziaren alde" jartzeko deia egin die Ines Arrimadasi, Xavier Garcia Albioli, Miquel Icetari eta Joan Coscubielari.

Mobilizazioa

Hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute Bartzelonan eta Tarragonan izan ziren eraso jihadistetan hil ziren lagunen omenez.

Gurutze erraldoi bat eratzea zer aurtengo Diadaren asmoa, eta Gracia pasealekua eta Aragoi kalea jendez bete dituzte.

Mobilizazioa 17:14an hasi da. Gurutzearen lau ertzetatik, pankarta bana abiatu da, laurak erdigunean elkartzeko. "Bai", "Bakea eta askatasuna" eta "Erreferenduma demokrazia da" izan dira goiburu nagusiak.

Une zirraragarri asko egon dira, eta manifestarien artean mezu argi bat gailendu da. "Bozkatu egingo dugu, haiek nahi ala ez", ziurtatu dute.

Catalunya plazan bildu dira agintari politikoak. Bertan egon dira, besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea.

Lehen aldiz hartu du parte Generalitateko presidente batek Diadaren mobilizazio handian; izan ere, iaz, Gironako manifestaziora joan zen Puigdemont.

Puigdemontek berretsi du "azken unera arte" egongo dela prest Kataluniako erreferenduma Mariano Rajoyren Gobernuarekin negoziatzeko eta adosteko.

Horrez gain, independentziaren aldekoak kalera "modu baketsuan eta masiboki" atera izana goraipatu du. "Gure konpromisoan porrot egin genezala nahi zuten batzuek, baina Kataluniako herriaren konpromisoa erostezina da, eta egoera honi modu baketsuan eta demokratikoan egingo diogu aurre", erantsi du.

Ada Colau Bartzelonako alkatea ez da mobilizazioan egon, eta horrek zeresana eman du; izan ere, oraindik ez du argitu urriaren 1ean hauteslekuak jartzea ahalbidetuko duen ala ez.

Hauteslekuak irekiz gero udaletxeko langileek eta gainerako langile publikoek arazo judizialik izango ez dutela bermatzeko eskatu dio Colauk Puigdemonti.

Gerardo Pisarello alkateordeak bai hartu du parte manifestazioan, eta Kataluniako Gobernuarekin harremanetan daudela aitortu du.

Artur Mas Kataluniako presidente ohia Ada Colauri zuzendu zaio: "Gogoan izan dezala gaurko mobilizazio eta ohartu dadila bozkatu nahi duen jendea non dagoen".

Bien bitartean, Espainiako Gobernuak Kataluniaren kontrako urratsak ematen segitzen du, eta gaur Kataluniako Parlamentuan onartutako trantsizio juridikorako legearen aurkako helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean.

Erreferendumean baietzak irabaziz gero, independentziarako trantsizioa nola egin arautzen du aipatu legeak.

Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak astearte honetan aztertuko du Espainiako Gobernuaren errekurtsoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena