Politika
Diada
Agentziak | Erredakzioa
Hautetsontziek batu egiten dutela esan du Generalitateko presidenteak, 'denak sartzen direlako'; ez bozkatzeak, ordea, zatitu egiten duela esan du.
Carles Puigdemont. EFE
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak urriaren 1eko erreferenduma defendatu du, "hautetsontziek batu egiten dutelako, eta ez zatitu, hautetsontzietan guztiak sartzen direlako".
"Bozkatzen ez uzteak, berriz, zatitu ez ezik, demokrazia ere moteltzen du", adierazi du Puigdemontek Diadaren bezperan Generalitatearen egoitzan eskainitako hitzaldi instituzionalean.
Kataluniako Gobernuak "guztia prest" dauka urriaren 1ean 'bai' zein 'ez' bozkatu nahi dutenek parte har dezaten, eta erreferendumak berme guztiak izango dituela berretsi du.
Halaber, Kataluniako Gobernuak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko duen konpromisoa nabarmendu du, Exekutiboa hauteskunde demokratiko batzuen emaitzetatik osatu zela adierazi eta gero: "Esandakoa betetzen dugu, eta horrek duin bihurtzen du politika".
Bestalde, erreferenduma legezkoa dela gaineratu du, Kataluniako Parlamentuak onartutako legeak betez deitu dutelako: "Kataluniako Parlamentuak soilik ezgaitu dezake nik gidatzen dudan Gobernua".
Era berean, Eskozian egin zuten moduan, Estatuarekin adostutako erreferenduma antolatzea gustatuko litzaiokeela azaldu du, baina Rajoyren Gobernuak "egindako proposamen guztiei uko egin die, bestelako aukerarik planteatu gabe", Puigdemonten esanetan.
DIADA AKTIBOA, HERRITARRENA ETA ALAIA
Horrenbestez, aurtengo Diada oso garrantzitsutzat jo du, aktiboa, herritarrena eta alaia izan behar duela goraipatuta.
ATENTATUAK: ELKARRIZKETA, INDARKERIAREN TOKIAN
Bartzelona eta Cambrilsen izandako atentatuen inguruan ere hitz egin du Puigdemontek, "inork eta ezerk ez duela Katalunian elkarbizitza hautsiko" nabarmenduta.
INSTITUZIOEN, POLIZIAREN ETA HERRITARREN BATASUNA
"Ez dugu hori gertatzea onartuko", adierazi du, "Kataluniak duen ondasun preziatuenetakoa delako, eta gizarteak beti defendatu duelako elkarrizketa arazoak konpontzeko". Poliziaren, instituzioen eta herritarren batasuna babestu du, terrorismoari aurre egiteko.
Atentatuetako biktimak eta haien familiak gogoratuz hasi du hitzaldia Generalitateko presidenteak, eta gizartearen "erantzun zoragarria" goraipatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa