14:58

Politika

Kataluniako erreferenduma

Erreferendum legearen kontrako helegitea jarri du Espainiako Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak azaldu duenez, alkateek eta goi kargudunek urriaren 1eko erreferenduma eragozteko duten betebeharraz ohartarazteko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.

  • Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Ministro Kontseiluaren osteko agerraldian. EFE

    Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Ministro Kontseiluaren osteko agerraldian. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez, urriaren 1eko erreferendumari begira Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak onartutako lege guztien kontra helegitea jarri du Estatuak Auzitegi Konstituzionalean.

Rajoyren esanetan, Kataluniako alkateek eta goi kargudunek independentziari buruzko erreferenduma eragozteko betebeharra dute eta hortaz ohartarazi ditzala eskatuko dio Auzitegi Konstituzionalari.

Erreferendumaren legearen eta dekretuaren kontra jotzearen alde agertu da Estatu Kontseilua eta, iritzi hori mahai gainean zutela, Ministroen Kontseiluaren bilera egin dute. Batzarra amaitutakoan, kazetarien aurreko agerraldian helegiteen berri eman du Rajoyk.

Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, erreferendum legearen eta Generalitateak sinatutako dekretuen aurka egiteko agindua eman dio Estatuko Abokatutzari. Horrez gain, Kataluniako Parlamentuko 807/11 ebazpenaren aurka egingo du.

Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztuko dituen testu horietan, "ekitaldi horiek guztiak baliorik gabe uzteko" eta horiek guztiak "zigortzeko" eskatuko dio Gobernuak, epaia eman bitartean.

Halaber, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari, Kataluniako Gobernuko kideei, erreferendumaren antolakuntzarekin era batera edo bestera lotuta dauden kargudunei eta Kataluniako 947 alkateei erabakia pertsonalki jakinarazteko eskatuko dio Konstituzionalari.

Rajoyk zehaztu duenez, jakinarazpen horietan urriaren 1eko erreferenduma eragozteko duten betebeharraz ohartarazteko eskatuko dio Auzitegi Konstituzionalari.

Kataluniako ogasunaren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztu nahi duen helegiteari babesa eman dio Estatu Kontseiluak

Bestalde, Kataluniako ogasunaren legeko arau batzuk bertan behera uzteko, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztu nahi duen helegiteari babesa eman dio gaur Estatu Kontseiluak.

Horrela, Ministroen Kontseiluak Estatu Kontseiluaren oniritzia du Kataluniako haziendaren legeari helegitea aurkezteko. Ministroen Kontseilua bihar bilduko da helegitea onartzeko.

 

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena