Politika
KATALUNIA
Agentziak | Erredakzioa
Erreferenduma prestatzeko ekintza guztiak baliogabe uztea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta, hain zuzen, epai hori betetzeko eskatu du Rajoyk.
Mariano Rajoy, artxiboko irudian.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak epaia betetzeko intzidentea onartzeko eskatu dio gaur Auzitegi Konstituzionalari. Eskaera horrekin, Kataluniako Parlamentuak gaur onartu asmo duen Erreferendum Legea bertan behera geratuko da.
Gobernuburuak ez du Ministroen Kontseiluaren aparteko bilera deitu behar horretarako, Konstituzionalak bere garaian esan zuelako erreferenduma deitzea helburu duten lege guztiak legez kanpokoak direla.
Espainiako Gobernuaren iturriek jakitera eman dutenez, ez dago helegitea jarri beharrik Kataluniako Parlamentuak erreferendumaren inguruan hartzen dituen erabakien kontra egiteko, Auzitegi Konstituzionalak horren inguruko epaia kaleratuta duelako jada.
Ondorioz, Gobernuak zehaztu duenez, Ministroen Kontseiluaren aparteko bilerarik deitu beharrik ere ez dago, nahikoa baita Espainiako presidenteak epaia betetzeko intzidentea onartzeko eskatzea, dagoeneko egin duen bezala.
Espainiako Gobernuak jarritako helegite baten harian hartu zuen Auzitegi Konstituzionalak erabaki hori, 2015eko abenduaren 2an, aho batez, Kataluniako Parlamentuak erreferenduma sustatzeko eta antolatzeko hartutako erabaki oro baliogabe uztea. Hori kontuan hartuta, Rajoyren Gobernuak adierazi du ebazpen horrek berak baliogabe uzten duela gaur onartu nahi den legea ere.
Halaber, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideei deklarazioa hartzeko eskatu dio Rajoyk Auzitegi Konstituzionalari, Erreferendumaren Legearen tramitazioa onartzeagatik izan dezaketen erantzukizun penalarengatik.
Kataluniako Parlamentuko ikuskizun "lotsagarria" salatu du Saenz de Santamariak
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, Kataluniako Parlamentuan gaur izandako ikuskizuna "lotsagarria" izan da demokrata ororentzat. Azaldu duenez, demokraziaren, parlamentarien eta kataluniarren eskubideen eta funtzionarioen eskumenen aurkako "indarrezko ekintza" izan da. Santamariaren arabera, bere bizitzan ez du inoiz hainbesteko auzo lotsarik pasa.
Erreferendum Legea onartuz gero, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko du Konstituzioaren kontrakoa dela iritzita. Halaber, gauza bera egingo du Rajoyren Gobernuak Kataluniako Gobernuak "aurrera egin" eta erabaki gehiago hartzen baditu.
Kazetarien aurrean Moncloan egin duen agerraldian Espainiako presidenteordeak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernua "Espainian legea eta Katalunian demokrazia" defendatzen ari da.
ndatzen ari da.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa